Azkoititik igaro da Donostiako Klasikoa

13:25 aldera iritsi dira gizonezkoen lasterketa Azkoitira, eta handik Azpeitirako bidea hartu du. Bederatzi gizonek osatutako ihesaldia sortu da, eta haiek izan dira herrira iristen aurrenak.

Gizonezkoen Donostiako Klasikoa lasterketak Azkoitia zeharkatu du gaur, larunbata. Donostiako Alderdi Ederretik abiatu da proba, eta Gipuzkoako hainbat herritatik igaroko da bidean, tartean Azkoitia. Azkarateko mendatea (3. mailako) egin ondoren, 13:25 aldean iritsi da eguneko ihesaldia herrigunera.

Bederatzi gizonek osatu dute ihesaldia probaren hasieran, eta Azkoitira iristen horiek izan dira aurrenak: Theo Delacroix (IWG), Manuele Boaro (AST), Casper Pedersen (DSM), Martijn Tusveld (DSM), Eugenio Sanchez (EKP), Jon Barrenetxea (CJR), Ibai Azurmendi (EUS), Oscar Cabedo (BBH) eta Fabien Grellier (TEN). Tropela, berriz, bi minutu eskasera iritsi da herrira.

Azkoitiko zati guztia saihesbidetik egin dute txirrindulariek. Hala eta guztiz ere, errepide bazterretan txirrindularitzaren zale ugari elkartu da, eta parte hartzaileek ez dute horien animorik falta izan. Azkoitia, ordea, ez da izan eskualdetik igaro den herri bakarra; izan ere, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia eta Azpeitia ere igaro dituzte txirrindulariek gaur.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide