Donostiako Klasikoak trafiko mozketak eragingo ditu bihar eguerdian

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 29a, 09:00
Iaz jokatu zen Donostiako Klasikoaren irudia, Munategi parean. (Andoni Elduaien)

Txirrindularitza proba aurreikusi baino ordu laurden lehenago abiatuko da Donostiako Alderdi Ederretik, eta hala iritsiko da Azkoitira ere. Hori horrela, azkarrenera jota, 13:05 inguruan iritsiko dira aurreneko txirrindulariak Azkarateko mendatearen gainera; handik herrigunera zuzenduko da lasterketa.

Bihar, larunbata, Donostiako Klasikoa txirrindularitza proba jokatuko dute. Beste urte batez, Azkoititik igaroko da tropela; izan ere, Azkarateko mendatetik barrena iritsiko dira txirrindulariak Azkoitira. Herriko zati guzti-guztia saihesbidetik egingo du probak.

Klasikoaren antolatzaileek ordu laurden aurreratu dute lasterketaren irteera, eta Azkoitiko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, lasterketa burua Azkarate gainean 13:05-13:15 inguruan izatea espero da. Herrigunera, berriz, 13:15-13:25 inguruan sartzea aurreikusi dute. Txirrindularitza probak trafiko mozketa eragingo du; GI-2634 errepidearen herriko zatia oso-osorik itxita egongo da lasterketa herrian sartzen denean. Azkoititik Azpeitira zuzenduko da Klasikoa, eta azkarrenera jota, 13:20 inguruan iritsiko dira lehen txirrindulariak Loiolara.

224 kilometroko bidea egin beharko dute Donostiako Klasikoan parte hartuko duten txirrindulariek. Gipuzkoaren zati handi bat zeharkatuko du tropelak; lehiaren lehen zatian, Gipuzkoako kostaldea zeharkatuko dute txirrindulariek, eta bigarren zatian, sei mendate gainditu beharko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide