Desadostasunak eragin dituzte San Jose egoitzaren protokoloak eta hainbat moziok uztaileko udalbatzarrean

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 28a, 17:47
EAJren eta PSE-EEren osasun sistema publikoaren inguruko mozioa bozkatu zuten unea. (Anartz Izagirre)

Hautsak harrotu zituen atzo, asteazkena, San Jose egoitza birmoldatzeko eta egokitzeko protokoloak, eta udal talde bakoitzak protokoloaren inguruko bere ikuspuntua jakinarazi zuen hitzartzean. Bestalde, osasun sistema publikoaren inguruko bi mozio eta Melillan uztailaren 24an izandako gertaeraren bueltako beste bat bozkatu zituzten atzoko saioan, beste hainbat izapideren artean.

Uztaileko udalbatzarra egin zuten atzo, asteazkena, udaletxean, eta bertan hainbat puntu izan zituzten hizpide lau udal taldeetako ordezkariek. Besteak beste, izapide kontuak eta mozioak izan zituzten mahaigainean, baina azken puntuan, galdera-erreguetan, sortu zen Udal Gobernuaren eta oposizioaren arteko desadostasunik handiena. Azkoitiko Udalak joan zen asteazkenean jakinarazi zuen Aldundiak eta udalak 3,6 milioi euro bideratuko zituztela San Jose egoitza birmoldatzera, eta gai horren gaineko informazioa xehe azaldu zuen Zubizarretak.

Hasteko, barkamena eskatu zien alkateak Azkoitia Baiko eta EH Bilduko ordezkariei, "informazio mailan" gauzak ez dituztelako "nahi bezala egin". Izan ere, oposizioko bi alderdiek salatu zuten atzo, asteazkena, izan zutela protokoloaren berri lehen aldiz, idatziz. Ondoren, prentsan agertutakoa baino "agiri zorrotzagoa" emateko hartu zuen hitza alkateak, eta erakunde bakoitzak proiektu bakoitzera bideratuko duen diru partidaren berri eman zuen. 3.674.000 euroko inbertsioa egingo dute bi erakundeek San Jose egoitza birmoldatzeko eta egokitzeko, eta horietatik 2,7 milioi Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko ditu; Azkoitiko Udalak, berriz, 902.500 euroko inbertsioa egingo du.

Lanen lehen fasean igogailua ezarriko dute, eta udalak finantzatuko du, osorik. Guztira, 745.000 euroko aurreikuspena egin dute horretarako. Unitate psikogeriatrikoko (UPSI) gelak egokitzeko proiektua, berriz, 1.860.000 euro kostatuko da, eta Aldundiak bere gain hartuko du gastu osoa. Horrez gain, eguneko zentroa lekualdatzeko lokal bat erosiko dute, eta 450.000 euroko inbertsioa aurreikusten dute horretarako; Aldundiak 292.500 euro jarriko ditu, eta udalak 157.500 euro. Azkenik, behin eguneko zentroa erosita hura egokitzeko 619.000 euroko estimazioa egin dute; diru guztia Aldundiak jarriko du. Daten berri ere eman zuen alkateak atzokoan: igogailua 2022 eta 2023 artean egin nahi dute, baita eguneko zentroaren lekualdaketa ere; aldiz, UPSIko gelak 2022 eta 2024 artean egiteko asmoa dute.

Hainbat galderari erantzuna

San Jose egoitzako birmoldatze zein egokitze protokoloaren harira hainbat izan dira azken egunetako erreakzioak, eta horietako batzuk irakurgai daude Maxixatzen.eus-en —hemen, Egoitza Kalera taldearena eta egoiliarren senideena, eta hemen, Romualdo Larrañaga herritarrarena—. Alkateak bere hitzartzean Udal Gobernuari zuzendutako hainbat adierazpeni erantzuna eman zien. Honakoa esan zuen hark, besteak beste: "Leporatzen digute lorpen hau guk geuretzat bakarrik hartzen dugula, eta hori ez da horrela. Guk lorpenak herri osoarentzat hartzen ditugu; orain arte bezala jarraituko dugu".

Jose Joakin Etxaniz Azkoitia Baiko zinegotziari ere zuzendu zitzaion alkatea, eta nabarmendu zuen hari askotan leporatu diotela "ke-saltzailea" izatea. "Bide hau egiten jardun dugunean, eta batik bat lagapenarekin hasi garenean, ez duzu garbi hitz egin. Zeuk pentsatzen zenuena esan izan duzu, baina ez dakit zer helbururekin".  Alkateak batasunerako deia eginez amaitu zuen hitzartzea: "Jardun dezagun bakoitzak gabiltzan bidean, eta ea bide horretan elkarrekin askotan topatzen garen. Guk ahalegin guztia egingo dugu; ez dugu protagonismorik eta dominarik nahi". Era berean, oposizioari "konfiantza" eskatu zion alkateak.

Bestalde, Janire Igoa Gizarte Ongizateko zinegotziak "gauzak hobetzeko lanean" jarraitzen dutela adierazi zuen, eta jakinarazi zuen egoiliarrentzat garraio zerbitzua jartzeko asmoa dutela: "Zerbitzu hori egokitutako furgoneta batean emango da, eta aurrez ordua hartu behar bada ere, guztiz doakoa izango da. Gure asmoa, dena ondo badoa, zerbitzua irailean martxan jartzea da".

Oposiziotik ere erantzuna

Azkoitia Bai izan zen alkatearen hitzei erantzuten lehena, eta Maxixatzen.eus-era bidalitako honako ekarpen honetan irakur daiteke udal taldearen iritzia. "Protokolo bat sinatu duzue beste alderdiei ezer azaldu gabe. Hori horrela, egin duzuen bidea guztiz kritikagarria iruditzen zaigu. Ez beste udal taldeei ez herritarrei, ez diezue komunikabideetan agertu aurretik ezer azaldu", salatu du Jose Joakin Etxanizek. Era berean, "datorren hauteskundetara begira egindako mugimendua" dirudiela nabarmendu du Etxanizek, eta "ezkutuan" hartu dutela erabakia: "Izugarrizko pena eman digu herritar guztioi bizkarra eman eta ezkutuan horrelako erabaki bat hartu duzuela jakiteak; ez genuen pentsatzen puntu horretaraino iritsiko zinetenik".

Iraitz Otaño EH Bilduko bozeramaileak, bestalde, salatu zuen berandu jaso zutela protokoloaren berri idatziz, eta "oso arraroa" egin zitzaiela Udal Gobernua 2016tik ari dela San Joseko egoera hobetzeko lanean entzutea. "Zeuek izan zineten 2015ean eguneko zentroa herrira jaisteko aukera eduki eta proiektua bertan behera utzi zenutenak". Horrez gain, herritarrek esandakoak udalbatzarrean aitatzea "gaizki" iruditzen zaiola azaldu zuen Otañok: "Ez zaigu iruditzen hau denik plaza ez dagoenari erantzuteko". Kontuak kontu, "orokortasun batean poza" sentitu dutela jakinarazi zuten koalizio abertzaleko kideek: "EH Bilduren partetik poza hartzen dugu orain dela 7 urte baino gehiagotatik EH Bilduk mahaigainean jarritako proiektuarekin bat egiten duzuela ikustean".

Hiru mozio hizpide

Bestalde, hiru mozio bozkatu zituzten atzoko udalbatzarrean. Alde batetik, EH Bilduk osasun sistema publikoaren inguruko mozioa aurkeztu zuen, eta Osakidetzan bizi zuten egoera salatu zuten. "Osasun etxeetan izugarrizko profesional gabezia dago, eta ondorioz, profesional batek gainerakoen agendak bete behar izaten ditu. Egoera horretan ezinezkoa da pazienteei kalitatezko arreta bermatzea. Hori guztia ez da pandemiaren errua, ez zen pandemiarekin hasi", dio mozioak. Honako lotura honetan irakur daiteke mozioa, osorik. Hiru eskaera egin zituen koalizio abertzaleak: urte osoan zehar herriko osasun sistema publikoaren zerbitzua bermatzea, mediku egoiliarren kontratazio-eredua aldatzea eta lehen mailako arretarako eskaintzen duten mediku, erizain eta gainerako osasun profesional kopurua handitzea. EH Bilduk eta Azkoitia Baik alde bozkatu zuten —irakurri hemen Azkoitia Bairen arrazoiak—, eta EAJk zein PSE-EEk kontra; beraz, mozioa ez zen aurrera atera.

Segidan, EAJren eta PSE-EEren mozioa irakurri zuten, eta bi taldeek lau eskaera egin zikieten Osasun Sailari: osasun sistema publikoan laguntza urte osoan eskaintzea bermatzeko, urtero eskaintzeko egiaztatutako prestakuntza guztia Osakidetzako profesionalen arteko belaunaldi txandari erantzun ahal izateko, Osakidetzako plantilla berritzeko eta egonkortzeko, eta onartuta zein deituta dauden lan deialdi publikoen prozesuarekin amaitzeko, plantillaren jarraikortasuna eta egonkortasuna bermatzeko. Mozioa onartuta gelditu zen EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin; Azkoitiak Bai eta EH Bildu abstenitu egin ziren.

Azkenik, Melillan ekainaren 24tik 25era bitartean izandako gertaera salatzeko mozioa aurkeztu zuten EAJ eta EH Bildu udal taldeek, eta sei eskaera eta adierazpen egin zituzten: Melillako hesiaren inguruan gertatutako sarraskian poliziak izandako basakeria salatzea, estatuko segurtasun indarren parte-hartzea salatzea, mugak militarizatzearen eta kudeaketa kanpora ateratzearen inguruan egun aplikatzen diren migrazio politikak salatzea, migrante guztien duintasuna eta giza eskubideen errespetua bermatuko dituen legezko bide seguruak irekitzea exijitzea, ikerketa independente bat egiteko eskaera luzatzea eta hildako pertsonen gorpuzkiak berreskuratzea, identifikatzea eta jatorrizko herrialdetara aberriratzea exijitzea. EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin onartu zuten mozioa; PSE-EEk eta Azkoitia Baik idatziaren aurka bozkatu zuten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide