Manex Ansorregik Juaristi ISB taldean jarraituko du beste denboraldi batez

Manex Ansorregi, ezkerrean, errebote bategatik borrokan. (FEB)

Saskibaloi jokalari azkoitiarrak bere bigarren denboraldia egingo du Urrezko LEB Ligan. Iaz, Juaristi ISBren jokalari errebelazioetako bat izan zen Ansorregi, eta Espainiako Saskibaloi Federazioak Urrezko LEB ligan 2021-2022 denboraldian gehien nabarmendu diren jokalarien zerrendan sartu zuen hura.

Iraurgi Saskibaloiak gaur jakinarazi du Manex Ansorregi azkoitiarrak Juaristi ISB taldean jarraituko duela beste denboraldi batez. Hegaleko saskibaloi jokalariak denboraldi bikaina ondu zuen iaz Iñaki Jimenez entrenatzailearekin, eta aurten, Mikel Odriozola entrenatzaile donostiarraren aginduetara bigarren denboraldia osatuko du Urrezko LEB Ligan Ansorregik.

ISBk honako mezu honekin jakinarazi du kontratu luzapena: "Gure harribitxia, gure beste harribitxia. Denek hartu diote matrikula, denek hitz egiten dute berari buruz, eta hitz egin beharko dute. Manex Ansorregi, nola ez, otsoa da".

ISBk gizonen zein emakumeen taldea osatzen jarraitzen du, eta azken astean hainbat kontratu berritze jakinarazi ditu taldeak. Juaristi ISBn jarraituko dute Ibon Guridi taldeko kapitainak, Beñat Hevia antolatzaileak eta Kevin Buckingham hegaleko pibotak. Azkoitia-Azpeitia ISB taldean jarraituko dute, bestalde, Intza Lizarazu taldeko kapitainak, Juana Molina antolatzaileak, Sara Iparragirre eskoltak eta Alazne Lizundia hegalekoak. Juaristi ISBk Urrezko LEB Ligan jokatuko du 2022-2023 denboraldian, eta Azkoitia-Azpeitia ISBk, berriz, Emakumeen Challenge Ligan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide