Balio anitzeko bi peoi kontratatuko ditu udalak sei hilabeterako

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 18a, 12:25

Hautagaitza aurkezteko epea irekita dago hilaren 27ra arte. Lanaldi osorako bi lanpostu eskainiko ditu udalak, eta balio anitzeko herri-lanak egin beharko dituzte sei hilabeteko epean. Kontratatuko duten langileetako bat emakumea izango da, eta bestea, 45 urtetik gorakoa izango da.

Lanbidek emandako dirulaguntzarekin, Azkoitiko Udalak balio anitzeko bi peoi kontratatuko ditu lanaldi osorako. Bi lanpostu horiek sei hilabeterako izango direla aurreratu du erakundeak. Kontratatuko dituzten langileek, besteak beste mendietako sasiak garbitu, pistak egokitu, ateak nahiz hesiak konpondu, bidegurutzeetako seinaleak jarri edota iturriak konpondu beharko dituzte.

Lanpostura aurkeztu nahi dutenek hilaren 27ra arteko epea dute, eta hautagaitza aurkezteko online bete beharko dute eskaera orria. Lanpostua eskuratu nahi duten hautagaiek hainbat baldintza bete beharko dituzte, hala nola eskolaritate ziurtagiria izatea, lorezaintzan esperientzia izatea, ahozko euskara maila altua izatea, langabezian egotea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan eskatzaile gisa izena emanda egotea. Udalak jakinarazi du, bestalde, kontratatuko dituzten bi langileetatik bat emakumea izango dela eta batek gutxienez 45 urtetik gora izan beharko dituela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide