60 bat auto klasiko eta motor bat, Ibilgailu Klasikoen Azkoitiko II. Topaketan eta Irteeran

Urrestillara txangoa egin eta bidean Loiolan geldialdia egin ondoren, Plazaberrira itzuli dira, eta lagunarteko bazkariaz gozatuko dute herrian bertan.

Aire egokiturik gabeko autoetan atzera-aurrera ibiltzeko giro onik ez gaur, baina hala ere 60 bat auto, eta motor bat ere bai, elkartu dira Axiri Classic-ek eta Azkoitiko Klasikoak taldeak antolatutako Ibilgailu Klasikoen Azkoitiko II. Topaketan eta Irteeran. Kabrioletak ziren autoetako batzuk, haietan joan direnen zorionerako.

Plazaberri auto bereziz betetzen joan da pixkanaka goizean zehar. Hamaiketarako han zeuden izena emandako gehienak; bakarren batzuk beranduago batzekoak ziren, bidean izandago matxurak eta gorabehera teknikoak gaindituta.  95 eta 92 urteko bi auto izan dira gaur Plazaberrin elkartutakoen artean zaharrenak.

Auto eta motorzaleek gozatu dute ikusmiraz. Gaur Marea Urdinako zenbait kide batu zaizkie; izan ere, antolatzaileen gonbidatu berezi izan da Marea Urdina, eta taldekide batzuek irteeran parte hartzeko aukera izan dute.

11:30 aldera abiatu dira Plazaberritik topaketako partaideak. Urrestillara joan-etorria egin dute, eta bueltakoan Loiolan egin dute geldialdia, Kiruriko aparkalekuan, han hamaiketakoa egin eta Plazaberrira itzultzeko. Ibilgailuak Plazaberrin utzita, bazkaltzeko elkartu dira 60 bat lagun Orbela jatetxean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide