Irailaren 1ean zabalduko dute Gaztaneneako Hizkuntza Eskola Ofizialaren matrikulazio epea

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 15a, 12:26
Gaztaneneako Hizkuntza Eskola Ofiziala.

Irailaren lehen egunetik 16ra artean egin ahalko dute herritarrek matrikula. Ingelesa, frantsesa eta alemana eskainiko dituzte aurten ere Gaztaneneako Hizkuntza Eskola Ofizialean.

Gaztaneneako Hizkuntza Eskola Ofizialak irailaren 1ean irekiko du 2022-2023 ikasturteko matrikulazio epea. Datorren ikasturtean ere ingelesa, frantsesa eta alemana irakatsiko dituzte eskolan, eta hizkuntza horietako mailak eskuratu nahi dituztenek izena eman beharko dute ikasturtea hasi baino lehen. Hain zuzen, irailaren 1etik 16ra bitartean egongo da zabalik matrikula egiteko epea.

Ingeleseko sei talde aurreikusten dituzte datorren ikasturterako Gaztenenean. B1 eta B2.1 mailetan, talde bana osatuko da, eta bina talde izango dira B2.2 eta C1 mailetan; B2.2 maila modu erdipresentzialean edo presentzialean eskainiko dute. Frantsesari dagokioenean, berriz, bost talde izango dira: B1, A1, A2, B1, B2.1 eta B2.2 mailak eskainiko dituzte. Alemanaren kasuan, ostera, talde bakarra aurreikusi dute, B1 mailakoa.

Matrikula elektronikoki egin beharko dute interesa duten herritarrek, eta horretarako, nahitaezkoa izango da aurrez plataforman erregistratzea. Irailaren 16tik 29ra bitartean, aldiz, epez kanpoko eskaera egin ahalko dute herritarrek; izan ere, plaza hutsak baldin badaude, bigarren esleipenean parte hartuko dute eskatzaile horiek.

Eskaera eginda eta dokumentazioa aurkeztuta, onartuen eta baztertuen behin behineko zerrenda irailaren 20an argitaratuko dute, eta behin betiko esleipenaren berri irailaren 23an emango dute. Plaza hutsen bigarren esleipena, bestalde, urriaren 4an egingo dute.

Ikusi matrikularen egutegia.

Ikusi matrikula egiteko informazioaren laburpena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide