Lehen Lidl supermerkatua zegoen eraikina eraistea onartu dute

Julio Urkixoko eraikina eraitsiko dute. (Andoni Elduaien)

Eraikina noiz eraitsiko duten ez dute zehaztu, baina bai hura botako dutela. Azkoitia Lantzen arduratuko da lan horien kostuaz, eta Intsaustiko eremuaren etorkizuneko urbanizaziora bidean lehen urratsa izango da. 

Azkoitiko Udalak kaleratu berri duen aldizkarian aditzera eman duenez, udala urratsak ematen hasi da etorkizunean Intsausti eremuan urbanizazio jarduketak egiteko. Hain zuzen, Lidl supermerkatuak Julio Urkixo etorbidean duen eraikin zaharra eraistea proposatu dio udalak Hitzarmen Batzordeari, eta jakinarazi du onartu egin dutela eskaera. Hirigintza garapena gauzatzen hasi bitartean, orubeari "erabilera funtzionala" eman nahi dio erakundeak. Azkoitia Lantzen arduratuko da eraikina eraistearen kostuaz.

Intsausti eremua "udalerriaren funtsezko puntua" da udalarentzat, udalerrirako "sarbide nagusietako bat" delako. "Premiazkoa da aurrera egitea, etorkizun ez oso urrun batean eremuaren hiri-estetika nabarmen hobetuko duen hirigintza-jarduketa gauzatu ahal izateko".

Erakundeak nabarmendu du oraindik ez dagoela eremu horretarako urbanizazio proiekturik. "Bide luzea dago aurretik, baina agintaldi honetan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira inguru horretan etxebizitzak eraikitzeko". Administrazio izaera duen Hitzarmen Batzordea ari da arduratzen gune horretako etorkizuneko hirigintza-jarduketa kudeatzeaz.

Intsausti eremuko lursailen %51 zenbait familiaren eta enpresen artean dago banatuta, eta gainerako %49 Azkoitia Lantzen udaleko sozietate publikoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Etorlur sozietateak dute. "Intsausti eremuaren hirigintza garapenak hirigunea zabaltzea eta gaur egun degradatuta dagoen eremua biziberritzea ekarriko du", adierazi dute. Udalak azaldu duenez, "epe ertainerako helburua" da Intsausti eremua urbanizatzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide