Azterketa geoteknikoa ari dira egiten Nagusia 80 eraikinean

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 13a, 16:14
Azterketa egiten ari dira eraikinaren azpiko lurzoruan. (Andoni Elduaien)

Gaur eta bihar artean egingo dituzte azterketak Idiakez Ederra edo Nagusia 80 eraikinean. Hain zuzen, eraikuntza lanak egin aurretik lurraren egoera zein den ezagutzeko egiten den ohiko prozedura ari dira jarraitzen. Bestalde, eraikina birgaitzeko lanak udazkenean hastea aurreikusi du lanak egingo dituen aldi baterako enpresen elkarteak.

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, azterketa geoteknikoa egiten ari dira eliz atariko Nagusia 80 eraikinean. Azterketaren bitartez, zundaketa batzuk egingo dituzte, horiek gero analizatu ditzaten; izan ere, azterketa horien emaitzek eraikuntza hasteko beharrezko den informazioa emango dute.

Azterketa geoteknikoaren bitartez jakingo dute, eraikuntza egin nahi duten lurzorua hainbat sakoneratan karakterizatu ahal daitekeen edo ez. Era berean, lurraren tentsioa zein den eta maila freatikoaren sakonera zenbatekoa den jakingo dute. Udalak azaldu duenez, gaur eta bihar artean egingo dituzte azterketa horiek eliz atariko eraikinean.

Ezaugarri horiek guztiak ezagututa, eraikinak etorkizunean beharko dueen zimendu mota eta euskarri maila ezagutuko dituzte. Gainera, lurraren indusketarako modua zein hormei eusteko modua zeintzuk izan daitezkeen jakingo dute, baita sor daitezkeen arazoen konponbideak zein diren baieztatu ere.

Lanak, irailean

Altuna y Uria, Campezo eta Teusa enpresek osatu beharko duten aldi baterako enpresa elkarteak egingo ditu Nagusia 80 eraikina birgaitzeko lanak. Udalak banatu berri duen aldizkarian adierazi duenez, aldi baterako enpresa elkarteak egina du eraikinarentzako oinarrizko proiektua.

Txema Muñoz da enpresa elkarte horren ordezkaria, eta hark azaldu du beraien asmoa dela obrak irailean hastea. "Irailaren hasierarako ez digu denborarik emango, baina irailaren amaieran edo urrian hasi nahiko genuke. Hori da une honetan mahai gainean daukagun plangintza. Uztailean hastea alferrik da, erdian abuztua egonda. Uda ondoren hasi eta ez gara geratuko", adierazi du Muñozek.

Gehienez 24 hilabeteko epea izango dute lanak egiteko, baina oinarrizko proiektuaren iraupena hamasei hilabetekoa izango dela aurreikusi du enpresa elkarteak. Hori horrela, 2024. urteko uda iritsi baino lehen amaituta egon daitezke eliz atarian eraikiko dituzten hamasei etxebizitzak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide