Zabalik da berriz ere Gaztaneneako parke estalia

Normaltasunez erabili daiteke dagoeneko parkea. (Andoni Elduaien)

Urtarrilaren 2ko goizaldean kiskali zuten parkea. Maiatzaren erdialdean hasi ziren parkea birgaitzeko lanekin, eta dagoeneko normaltasunez gozatu daiteke guneaz. Ia 130.000 euroko aurrekontua izan dute lanek.

Joan den ostiralaz geroztik, zabalik da Gaztaneneako parke estalia. Duela zazpi hilabete eskas, urtarrilaren 2ko goizaldean, erre zuten parkea. Udalak parkea garbitzeko lanak hasi zituen gero, eta konponketa lanekin hasi aurretik, erakundeak behin-behinean irekita utzi zuen parkea.

Maiatzaren erdialdean hasi zituzten parkea behin betiko birgaitzeko lanak, pintaketa lanak eginez eta parkea olanarekin estaliz. Parkearen lehengo itxura berreskuratzeko lanak joan den astean amaitu zituzten, eta dagoeneko normaltasun osoz jolastu daiteke han.

Udalak jakinarazi duenez, lanek 129.702,08 euroko aurrekontua izan dute, baina 104.000 euro aseguru-etxetik jaso ditu udalak, gastuak ordaintzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide