Errimak, harrobia eta zaletasuna

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 22a, 10:44
Arrizabalaga, Alberdi eta Garmendia. (Anartz Izagirre)

Dozenaka lagun dabiltza Erniarraitz bertsozale elkartearen Azkoitiko bertso eskolan. Bertsolaritza "osasuntsu" dagoen diziplina dela diote Haritz Garmendia bertso eskolako irakasleak eta Naia Arrizabalaga zein Onditz Alberdi ikasleek. Ezagutzatik haratago doan esperientzia eskaini die bertso eskolak horiei.

Bakoitzak nahi duen doinura eta neurrira egokitzen da Erniarraitz bertsozale elkartearen Azkoitiko bertso eskola. Bistakoa da bertsolaritzak ikusmina sortzen duen herria dela Azkoitia, eta horren erakusle da herrian izaten diren saioak ikustera joaten den jende kopurua. Oholtzaren atzealdean ere badago harrobia. Antonio Zabala idazleak herrian izandako hainbat bertsolariren izenak bildu zituen 1970eko hamarkadan argitaratu zuen Azkoitia'ko zenbait bertsolari liburuan; egun, beharbada, mardulagoa litzateke liburu hori. Izan ere, amaitu den ikasturterako adin guztietako 50 ikasle inguruk eman zuten izena, eta ikasturtean zehar bertsotan ez ezik, bertsolaritzaren gainean gehiago jakiteko abagunea izan dute horiek. Hala dio irakasle lanetan aritu den Haritz Garmendiak (Azpeitia, 1991): "Bertsolaritzan helburu batzuk jartzen ditugu; batetik, horiek lortzeko jarduerak egiten ditugu; eta, bestetik, bertsolaritzaren bidez, kultura bere osotasunean barneratzeko aukera aprobetxatzen dugu".

Naia Arrizabalagak (Azkoitia, 2004) eta Onditz Alberdik (Azkoitia, 2005) urteak daramatzate bertso eskolan, txiki-txikitan hasi baitziren eskoletara joaten. Saioak "bakoitzaren beharretara" egokitzen direla dio Arrizabalagak. Izan ere, hura Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketarako prestatzen ibili da zenbait klaseetan, adibidez, eta txapelketa prestatzeko ordu gehiagoz aritu dela ere nabarmendu du. Aurten plazetan kantatzen hasi da Arrizabalaga, eta horiek "gustura sentitzen den leku bat" direla aitortu du. Alberdik, ostera, oraindik ez du bere burua plazetan ikusten, eta argi du zein den bertso eskolara joateko duen motibazioa: "Nire burua ez dut plazetan ikusten; klaseetara etorri eta ondo pasatu nahi dut".

Bata irakaslea eta besteak ikasleak izanagatik, denek dute eskoletan ikasteko parada; ikastetik haratago, aisialdirako momentua ere izaten da denentzat. "Aitzakiarekin afariren bat edo beste ere egin izan ditugu", diote barrez. "Bertso eskola guretzat ez da bertsotan egiteko lekua bakarrik, zapatuetako kontuak kontatzeko, elkarri adarra jotzeko eta penak partekatzeko lekua ere bada", azaldu du Arrizabalagak. Bat dator horrekin Alberdi, eta atseden hartzeko lekua ere badela gehitu du: "Astean ordubetez joaten gara bertso eskolara, eta kanpoko kontuetatik deskonektatzeko ere aprobetxatzen ditugu saioak". Garmendiak lehen urtea egin du Erniarraitzeko bertso irakasle lanetan, eta "esperientzia oso polita" izan dela nabarmendu du: "Belaunaldien arteko transmisiorako eta, oso ederra izan da klaseak ematea". Hark ikasleen bilakaeran egin du azpimarra: "Ikasleak kopla batzuk abesten hasi eta ikasturtearen amaieran bertso bat osatzeko gai direla konturatzen zara".

Haritz Garmendia: "Belaunaldi arteko transmisiorako-eta oso ederra izan da klaseak ematea"

Etorkizuna duen diziplina

"Ume asko aritzen dira eskoletan, eta iruditzen zait ikasle batzuek orain duten adinean nik ez nuela horrela egiten bertsotan. Bertsozale Elkartea sekulako lana egiten ari dela uste dut, adibidez, metodologia berriekin bertsotan irakasten", azaldu du Garmendiak. Ekainaren hasieran egin zuten ikasturte amaierako jaialdian, ikasitakoa erakusteko aukera izan zuten bertso ikasleek, eta ekitaldi hartan bertsotan zuzenean egiteko aukera izan zutela azpimarratu du azpeitiarrak. "Bertsolaritzan lortu dena ez da egun bateko kontua izan, jende askok lan asko eta lan hori ondo egin duelako da".

Naia Arrizabalaga: "Bertso eskola guretzat ez da bertsotan egiteko lekua bakarrik"

Bertsotan aritzeko zer gaitasun behar diren galdetuta, teknika ikas daitekeen zerbait dela argi du Alberdik: "Egongo dira jaiotzetik gaitasun handiagoa izango duten batzuk, baina bertsotan aritzen ikasi egin daiteke". Horretarako, osagai garrantzitsu bat nabarmendu du: "Niretzako oso garrantzitsua da bertso asko entzutea. Guk bertso batzuk ulertu ere ez genituen egiten lehen, eta orain zer kontatzen duten kontziente gara eta beste era batera ulertzen ditugu". Garmendia bat dator Alberdirekin: "Memoria izan behar duzu, eta bertso asko entzutea garrantzitsua da estruktura barneratzeko. Horrez gain, errimak landu behar dira, arrazoiak ere bai, horiek nola tolestu jakin... Hizkuntza bera lantzen jakin behar da, eta hori irakasten saiatzen gara klaseetan".

Onditz Alberdi: "Niretzako oso garrantzitsua da bertso asko entzutea"

Arrizabalagak dio euskara aldetik "asko edaten" dutela. "Azkenean bertsolaritzak esparru desberdinetara eramaten zaitu, eta hainbat gai ukitu behar dituzu. Egunerokotasunak jartzen dizkizu jakin behar dituzun gai batzuk, baina beti ezin duzu goia jo; behea jo behar da goia jo ahal izateko. Egia da hori lortzea ez dela egun gutxitako kontua, eta oraindik ere asko dugula ikasteko; formakuntza ez da inoiz bukatzen". Hain zuzen ere, bertsotan ikasteaz aparte, hori da bertso eskolan lantzen duten beste alderdietako bat, Garmendiaren esanetan: "Bertsotan ikasteaz gain, zeharkako konpetentziak ere lortzen ditu ikasleak: hizketarako gaitasuna, entzutekoa, sortzekoa... Bizitzarako baliagarriak diren gaitasun asko lantzen dira bertsotan eginez, eskolarako, lanerako edo jendaurrean aritzeko balio dutenak".

Bertsolaritza, "osasuntsu"

Bertso eskola ez ezik, bertsolaritza bera herrian eta bailaran osasuntsu ikusten dute bi ikasleek zein irakasleak, izan bertso afariak, txapelketak zein bestelako bertso saioak. Afariak, esate baterako, ederki ezagutzen dituztela azaldu dute. Hala dio Garmendiak: "Afariak asteroko ogia dira guretzako. Bi astez behin-edo izaten dugu halakoren bat, eta hemen inguruan asko mugitzen gara". Hark gehitu duenez, kalean "mordoa" entzuten da bertsoa, eta "oinarri ona" izanda, "ber tsolari onak" aterako diren esperantza du: "Bailarak oso ondo erantzuten du, antolatzen ditugun bertso ekintza guztietan jasotzen dugun erantzuna oso ona izan ohi da". Bilakaera hizpide, azken ur teetan bertsolaritzan igarri den beste ñabarduretako bat emakumeen presentzia izan da. Garmendiak dioenez, Azkoitiko ber tso eskolan ez dago desberdintasun handirik nesken eta mutilen kopuruari dagokionez.

Azkoitiko bertso eskolako aurtengo jaialdiko irudi bat.

Sarri askotan bertsolaritzarekin lotu ohi diren aurreiritziez eta usteez ere aritu dira hizketan. Ber tsolaritzak eta hizkuntzak duten lotura estua izaki, jendeak ikasketa konkretu batzuekin lotzen dituela diote. Kazetaritza ikasketak egiteko asmoa du Arrizabalagak datorren ikasturtean, eta berak aurreiritzi hori betetzen duela esan du, barrez: "Badira, halere, ber tsotan oso ondo dakiten eta bestelako ikasketak dituzten bertsolariak". Alberdik ere hala dio: "Bertsotan arituz gero, Euskal Filologia ikasi behar dugula uste dute askok".

Haritz Garmendia: "Bertsotan ikasteaz aparte, zeharkako konpetentziak ere lortzen dira"

Behin ikasturtea amaituta, datorren sasoia dute buruan Erniarraitzen bertso eskolako kideek, eta Garmendiak adierazi duenez, irailean hasiko dira prestakuntzarekin eta klaseen antolakuntzarekin. Alde batetik, lehenbizi, motibazio klaseak eskainiko dituzte herriko eskoletan, urtero egin ohi duten moduan. Era horretan, ikasleek bertsolaritzaren berri izan dezaten nahi dute Erniarraitzeko kideek, gustatzen baldin bazaie ikasturte berrian bertso eskolan izena eman dezaten horiek. Helduentzako matrikulaziorako deialdia ere orduan egingo dute, eta bakoitzaren mailaren arabera osatuko dituzte taldeak, bakoitzak nahi duen doinuan eta neurrian, mikrofonoari kolpe egin diezaioten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide