Erretratua

Ione Bretaña: "Antsietatea kudeatzen ikastea da garrantzitsuena"

Miren Elorza 2022ko uzt. 23a, 09:00
Ione Bretañaren erretratua. (Egilea: Gorka Larrañaga/Argazkia: utzitakoa)

Betidanik gustatu izan zaio Ione Bretañari jendearekin hartu-emana izatea eta haien arazoei konponbidea ematen saiatzea. Batxilergoa hasi zuenetik argi izan zuen psikologia ikasketak egingo zituela. Gaur egun, psikologian doktorea ez ezik, ikerlaria eta irakaslea da EHUn, Donostiako Psikologiako fakultatean.

Psikologian lizentziatua da Ione Bretaña (Azkoitia, 1990). 2013. urtean amaitu zituen ikasketak, eta ondoren, Osasun Psikologia Kliniko Orokorreko masterra egin zuen, psikologia klinikoaren esparruan haurren eta helduen buruko nahasteen arloan sakonago espezializatzeko asmoz. Bulego batean pazienteak artatzen imajinatzen zuen bere burua, hasiera batean ez baitzitzaion burutik pasatu ere egiten doktoretzaren eta ikerketaren munduan sartzea. Ermuan (Bizkaia) izan zuen bere kontsulta denboralditxo batez, eta autonomoen bizitza "oso gogorra" dela konturatu zela azaldu du. Ondoren, bitan saiatu zen osasun zentroetan lan egiteko BAPE (Barneko Psikologo Egoiliar) plaza ateratzen, baina horretarako zorian geratu zen, eta beraz, Psikologian doktoretza tesia egitea bururatu zitzaion. Bide horretan, tesia egiteko modurik egokiena beka bat lortzea dela dio Bretañak: "Tesia egin dezakezu lau edo bost urtetan ezer kobratu gabe, baina beka bat lortuta egiten da normalean, azken finean, egin beharrekoa lan baten antzekoa baita; ordu asko eskaini behar zaizkio". Bretañak Eusko Jaurlaritzaren beka lortu zuen 2017an: "Agian, batzuek ez dakite tesia egiten duzun momentuan ez zaituela unibertsitateak kontratatzen; beka bat lortzea ezinbestekoa da, Eusko Jaurlaritzarena, Euskal Herriko Unibertsitatearena edo Espainiako Ministerioarena".

Tesian, bikote harremanen arteko gatazkak izan ditu aztergai azkoitiarrak. Atxikimenduaren eragina harremanetan: kulturala, diadikoa eta genero hurbilketak da lanaren izenburua. Bikote harremanen arteko gatazketan, bikotekide bakoitzak zer estrategia mota erabiltzen duen aztertzea izan da haren lana. Bretañaren arabera, estrategia mota bat izan daiteke gatazka bera saihestea, eta beste bat, berriz, bere horretan utzi ezinda, erantzun eske jarraitzea modu grinatsuan edo lehiatsuan. Lehen taldekoak "atxikimendu ekiditzailea" multzoan sartzen ditu azkoitiarrak, eta bigarrenak, berriz, "atxikimendu antsiatian".

Psikologoaren arabera, bakoitzak, bere izateko moduaren arabera, gatazka bati aurre egiteko estrategia desberdinak erabiltzen ditu, eta batak erabiltzen duen estrategiak bestearengan du eragina, sorgin-gurpil bat sortuz; horrek indarkeria "eskalatzen" joatea sor dezake. "Atxikimendu ekiditzailea duten pertsonek beren espazioa behar izaten dute. Bikotea afektibitate bila dabilela –gehiegizkoa betiere– eta bera ez dagoela hori kudeatzeko prestatuta antzematen dutenean, ez dira eroso sentitzen, eta distantzia bat mantentzen dute beti. Saihestea oso frustragarria denez, bikoteak are gogorrago erantzun dezake, eta horrek gatazka areagotu egiten du".

Gauza "txikietatik" abiatuta gatazka bortitz batera nola irits daitekeen aztertzea izan da azkoitiarraren lanaren helburuetako bat, eta zenbait bikote harremanetako indarkeria psikologikoak jatorrian atxikimendua izan dezakeela uste du: "Nire bikotekideak eztabaida batean ihes egiten badu, nik, agian, ez dut jakingo nire frustrazioa kontrolatzen, eta iraindu egin dezaket, 'beti gauza bera egiten duzu' edo 'ez nauzu ulertzen' esaldiak esanda; hor astindu psikologiko bat garatu daiteke". Indarkeria mota guztiak hasten dira txikikerietatik, eta horien jatorria ondo aztertzea garrantzitsua dela iritzi dio ikerlari azkoitiarrak. Bikoteetan jazotzen den indarkeria "egunero" agertzen da komunikabideetan, eta maiztasun horrek zein inguruan gertatzen diren bikoteen arteko gatazkek bultzatu zuten Bretaña gaiari buruz doktoretza tesia egitera.

Gizartean psikologia beharra

Iazko ekainean bukatu zuen tesia, eta orain irakasle lanetan ari da EHUn. Bi ur teko ordezkapen partzial bat ari da egiten, eta azken lauhilekoan Psikopatologia ikasgaia eman die graduko bigarren mailako ikasleei. Unibertsitatera iritsi arte irakasle izatea horrenbeste gustatuko zitzaionik ez zuela sekula pentsatu dio Bretañak. Ama ere bada azkoitiarra, eta lanean ordezkapen partziala edukitzeak zein ondo antolatzeak lanaren eta familiaren arteko oreka izaten laguntzen diola adierazi du hark. Dena den, hori laguntzarik gabe ezinezkoa zatekeela esan du: "Haurrak haurtzaindegira, amonarengana edo senarrarengana eraman ezean, ezinezkoa litzateke".

Bizi garen mundua egunetik egunera geroz eta estresagarriagoa dela uste du Bretañak, eta estresak ez ezik, gizartearen bat-bateko abiadurak eta ezarrita dauden kanonen eta estereotipoen barruan bizi beharrak pertsonengan antsietatea eragin dezakeela dio. Antsietatea bada psikologo baten kontsultara joateko arrazoia, eta beraz, azkoitiarraren hitzetan, hori da psikologia gizartean geroz eta onartuago egotearen zioetako bat. "Lehen, 'ez dugu inorena joan behar gure trapu zaharrak kontatzera' izan ohi zen bikoteen artean nagusitzen zen pentsamendua. Orain jendeak laguntza gehiago eskatzen duela nabari da, eta horrek normalizatu egiten du psikologoon rola".

Buruko nahaste batzuei aurre egiteko tratamendua medikazioarekin osatzearen aldekoa da azkoitiarra; nahaste psikotiko baten eraginez haluzinazioak, eskizofrenia edo nahaste bipolarra dutenen kasuan, hain zuzen ere. Beste nahaste mota batzuetan, ordea, garrantzitsuena arazoaren hondoraino iristea dela dio psikologoak. "Botika bat hartzeak une zehatz batean lagun dezake, baina garrantzitsua gatazka sortzen dizun hori ondo kudeatzen ikastea da. Adibidez, azterketa garaian antsietatea sor dakiokeen norbaiti botikak lagun diezaioke antsietatea momentuan baretzen, baina premiazkoena da antsietatea zerk sortzen dion atzematea eta hori maneiatu ahal izatea; hau da, egoera hori sortzen dien pentsamenduen atzean zer dagoen jakitea garrantzitsua da. Horretaz jabetu eta horretatik ikasi egin behar da".

Motzean

Adina: 32 urte.

Ikasketak: Psikologian lizentziaduna, Osasun Psikologia Kliniko Orokorreko Masterra eta Psikologian Doktoretza.

Psikologian doktorea eta unibertsitateko irakaslea ez banintz… Kontsultan lan egingo nuke, psikologo gisa.

Lanetik ateratzean gogoko dut… Umeekin ibiltzea, izan parkean edo lagunekin kafe bat hartuz…

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide