Hegan jarraitzen dute

Ane Olaizola 2022ko abu. 2a, 10:34
Bulego musika taldeko bost musikariak. (Argazkiak: Arnaitz Rubio)

Ibilbide motza du Bulego taldeak, baina bizia eta energiaz betea. Izurri betean zeruratu zen proiektua, baina ziurgabetasunez betetako egoera aprobetxatzen jakinda, bi urteren ostean musikaren aparretan da taldea. "Ez dago sekreturik, lan askoren emaitza da", adierazi dute taldeko bost musikariek.

Hegaldiaz gozatzen ari dira Tomas Lizarazu (Azkoitia, 1993) abeslaria, Itziar Beitia (Azkoitia, 1982) teklista, Jon Larrañaga (Azkoitia, 1985) baxu jotzailea, Ruben Lizarralde (Azkoitia, 1970) gitarrista eta Xabier Arrieta (Azkoitia, 1994) bateria jotzailea. Bostak dira Bulego, eta ezin uka euskarazko pop eszenan fenomeno bihurtu direnik. Baikortasun doinuz iritsi dira entzuleen belarrietara, eta haurrak, gazteak zein helduak konkistatzea lortu dute. "Hori da talde bati gerta dakiokeen gauzarik ederrena". Igarotako azken bi urteak "entsegu" izan zaizkie, eta ikuskizunerako ordua iritsi zaie orain.

Bi urtetan bi EP eta disko bat kaleratu, hainbat sari eta izendapen eskuratu, kontzertu ugari eskaini eta aretoak bete dituzue. Formula irratien programazioak zuen abestiz bete dituzte, eta Euskal Herriko musika panoraman lekua egin duzue. Hori guztia tartean pandemia batekin. Non dago sekretua?

Tomas Lizarazu: Ez dago sekreturik, lan asko dago horren atzean; jardutea da gakoa. Gure artean askotan komentatu izan dugun moduan, betidanik jendearekin konektatzera iritsi nahi izan dugu. Ez gara formula irratien bila joan, baina horrela suertatu da, eta gauza askoren emaitza izan dela uste dut: batetik, egindako ahaleginaren erantzuna da, eta bestetik, zorte kontua ere bai. Jendeari gustatu egin zaio gure musika, eta entzuleak konektatu egin dira gurekin.

Hastapenetara jota: 2019an sortu zenuten taldea, ordura arte Passepartout zen taldeko kide berberek. Hasieratik al zenuten garbi bidaia berria hasteko izena eta izana aldatzea beharrezkoa zela?

Jon Larrañaga: Ez genuen argi, baina egia da proiektu berri bat bagenuela. Musikalki abesti desberdinak sortzen hasi ginen, eta ikusten genuen inflexio puntu batek egon egin behar zuela. Zerbait globala izan behar zuela erabaki genuen; hau da, izenak, estetikak... guztiak aldatu behar zuela. Ezin genuen lehengoaren zati bat izaten jarraitu. Hutsetik hasi ginen bidea egiten, nahiz eta taldekideok berberak izan.

 

"Ahaztu egiten gara unean gertatzen ari denaz; bideaz eta hori gozatzeaz. Hori da Bulego"

 

Pop musika egiten hastea ere garbi zenuten hasieratik ala berez sortu zen?

T. L.: Hasieran, entsegu lokalean, denetarik probatu genuen. Passepartouten estilo askotatik ari ginen edaten, eta guk ere ez genuen garbi nora iritsi nahi genuen. Bulegorekin, berriz, lanketa egin genuen, eta zera galdetu genion geure buruari: "Zer musika estilorekin gozatzen dugu gehien? Zer da benetan gustatzen zitzaiguna?". Garai hartan, musika asko partekatzen genuen, eta pixkanaka taldea zehazten joan ginen. Hain zuzen ere, lehen diskoa grabatzen hasi baino pare bat hilabete lehenagorako bagenituen abestiak eta hitzak, baina oraindik zerbait zehaztea falta zitzaigun.

J. L.: Passepartout askoz ere esperimentalagoa zen. Estilo eta abesti desberdin asko lantzen genituen, eta egun egiten ditugun gisako abestiak konposatzen hastean jabetu ginen estilo oso ederra zela eta funtziona zezakeela.

Zeruratzear zinetela, ordea, izurritea iritsi zen, eta horrekin itxialdia. Nola gogoratzen duzue une hura?

Xabier Arrieta: Oso arraroa izan zen, musikarientzat ez ezik, herritar guztientzat. Ez genekien bi asteren edo bi urteren buruan igaroko al zen izurria, eta zentzu horretan, xelebrea zen egoera. Ikusten genuen mahaiaren gainean bagenuela produktu bat, eta bere horretan egoten uzten bagenuen, hil egingo zela. Beraz, pixkanaka abestiak kaleratzen joatea eta kantu bakoitzari bideo bat sortzea erabaki genuen. Horrez gain, sare sozialetan oso aktibo egon ginen, garai hartan jende asko zegoelako sarera konektatuta eta sare hori entzuleei musika helarazteko iturri bat zela uste genuelako. Zentzu horretan, ondo etorri zitzaigun itxialdia, jendeak gure musika pixkanaka ezagutzeko aukera izan baitzuen. Orain, atzera begira jarrita, igaro diren bi urteak entsegua izan dira guretzat, eta aurten egingo dugu aurreneko benetako kontzertu bira. Orain etorriko dena ondo prestatzeko aproposa izan da igaro duguna. COVID-19aren kontuari zerbait positiboa ateratze aldera, horixe nabarmenduko nuke.

Modu batera edo bestera, garai hori aprobetxatzen jakin zenutela uste al duzue?

T. L.: Aurreneko EPa grabatuta genuen izurria hasterako, eta itxialdia hasi zenean, pilak jarri behar genituela erabaki genuen. Izan ere, proiektuaren hasieran geunden, Hegan abestia kaleratuta eta kontzertu bakarra eskainita. Gure lanak apenas ikusi zuen argirik, eta egoera hartan, gure esku zegoen guztia egitea erabaki genuen, jakin bagenekielako bestela bidea orduan amaituko zitzaigula. Bulegoren identitatearen zati bat definitzeko modua ere orduan hasi zen; gaur egun, beharbada ez dago halako beharrik gauza edo ekintza desberdinak egiteko, baina gaur egun, musikaz aparte beste zerbait eskaintzeko filosofiarekin jarraitzen dugu oraindik lanean. Hein batean, konfinamenduak eta egoera arraro hark sortu zuen zerbait da hori.

Hegan abestia aipatu duzue. Paradoxikoa dirudien arren, pandemia betean, abesti horri esker egin zineten ezagun.

Ruben Lizarralde: Hori izan zen jendeari iritsi zitzaion gure aurreneko abestia. Bideoklipa kaleratu genuen, eta erreprodukzio mordoa izan zituen. Spotifyn ere asko entzuten zen; gure abesti bat hainbeste jenderi iristen zitzaion aurreneko aldia zen. Izugarri zabaldu zen abestia, eta horrek asko lagundu zigun, egia esan.

 

"Kontzertuak jotzeko fasean gaude; orain arte horretarako tenperatura hartzen joan gara"

 

Hiru lan dituzue argitaratuta. Sei eta hiru abestiz osatutako bi EP, eta iaz kaleratu zenuten diskoa: Erdian oraina. Azken lan horretan, taldea pop estilora iltzatu dela esango al zenukete?

T. L.: Orain arte, bazegoen Bulegoren estiloa definitzeko halako intentzio bat, baina horretara orain iritsi garela iruditzen zait. Ez dakit hemendik urte batzuetara nolakoa izango den Bulegoren estiloa, baina uste dut disko horrekin lortu dugula soinuari dagokion profesionaltasuna ematea. Prozesuan bidelagun ugari izan ditugu, eta publikoaren aurrean bost lagun badaude ere, atzean lantalde handiagoa dago. Soinuari dagokionez, esaterako, Eñaut Gaztañagak Zestoan duen estudioan grabatzen dugu, eta elkarrekin dugun harremana estutzen joan da denborarekin; hark gero eta hobeto jakin du gure ideiak islatzen, eta grabaketetarako konfiantza handiagoa daukagu orain. Bulegoren soinua topatzeko bidean, elkar elikatzen ari garela uste dut.

Diskoan unean unekoa bizitzearen garrantzia aldarrikatzen duzue. Era berean, abesti dantzagarriak eta baikorrak dira zuenak; alaitasuna transmititzen duzue. Hori al da zuen identitate zeinua?

T. L.: Musika jotzea hala bizitzen dugu guk ere; disfrutatu egiten dugu. Egia da abesti gehienak dantzagarriak direla, baina badago introspekzioa bilatzen duenik ere; Gure izarrak, Bidean bertan, Malutak... Disfrutatu egiten dugu musika egiten, eta Erdian oraina kontzeptuan jartzen dugu arreta: alaitasunetik aparte, momentua bizitzea nahi dugu. Izan ere, etorkizunera zein iraganera begira bizi gara maiz, eta ahaztu egiten gara unean gertatzen ari den horretaz; bideaz eta hori disfrutatzeaz. Guretzat, horixe ari da izaten Bulego esperientzia: pandemia baten erdian taldea sortu eta bizi esperientzia. Talde askorentzat gauza negatiboa izan da izurritea; galera handiak izan dituzte. Guretzat, berriz, beste esperientzia bat izan da, eta Xabik esan duen moduan, entrenamendua ere izan da. Orain kontzertuak eskaintzeko fasean gaude, eta aurretik, horretarako tenperatura hartzen joan gara. Pandemian ere askotan egon gara etorkizunera begira, gauzak berriz bere onera noiz etorriko ziren galdezka, baina guk zera esan dugu: zergatik ez oraina gozatu?

Zabaltzen duzuen positibotasuna al da egun publikoak behar duena?

J.L.: Baietz uste dut, eta zuzenekoetan oraindik eta gehiago, horixe baita kontzertu batera doanaren helburua: emanaldia ikustea eta unea gozatzea.

R.L.: Izan ere, zer ederragorik norbaiti ikuskizun ikaragarri bat eskaintzea baino? Zentzu horretan, jendearengana iritsi gara, eta askok esan digute gure kontzertuan izugarri ondo pasatu dutela, emozioak loratzen lagundu diegula. Hori egundokoa da niretzat.

T.L.: Kontzertuaren ondoren, jendearekin egoteko aukera izan dugunean, batzuek esan izan digute izurritean ezagutu gintuztela eta egoera salbatu diegula. Entzutea espero ez duzun gauzak dira horiek. Jendearen feedback-ak ahalbidetzen digu kontziente ez garen proiektuaren ikuspegiaz jabetzea. Egunerokoan abestiak egiten edota kontzertuak jotzen ari gara gu, baina pertsona bat aritu daiteke une txar bat igarotzen, eta gure abesti batek lagun diezaioke hari. Harrituta geratzen gara pertsona bakoitzak bere bizipen pertsonalak partekatzen dituenean egoerak hartzen duen dimentsioarekin; hori da musikaren indarra, eta oso polita da.

Musikaz gain, badago berezi egiten zaituzten beste ezaugarri bat: irudia. Kontzienteki erabaki duzue arlo estetikoa bere osotasunean zaintzea. Zergatik?

J.L.: Esan bezala, lantalde handia dago proiektuaren atzean, eta estetikari dagokionez, Eneko Aranbarrik laguntzen digu. Hark proposatzen dizkigu jantziak, eta guztia hari berari lotuta dago: hitzak, melodia, irudia...

Publikoak ulertzen al du hori?

T.L.: Ulertu baino gehiago, zeresana ematen du kontu horrek [barreak].

R.L.: Herriko jarduna da hori, baina uste dut zenbaitek ulertuko duela.

X.A.: Passepartouten eta Bulegoren arteko trantsizioan geundenean, nazioarteko talde asko jarraitzen genituen, eta talde horiek, musikaz gain, oso koherenteak ziren beste gauza asko egiten zituztela ikusten genuen: bideoklipak, argazkiak, jantziak... Hori asko gustatzen zitzaigun. Saiatzen gara New Yorkeko (AEB) edo Londresko talde batek egiten duena egiten, baina euskaraz. Iruditzen zaigu kanpora begira askoz ere interesgarriagoa dela hainbeste gauza lantzen dituen talde bat ikustea. Egia da, ordea, popa egiteko orduan zailagoa dela janzkera aukeratzea, oso irekia delako.

T.L.: Ikuspegi orokorra ematen diogu proiektuari. Lantalde osoak du proposamen artistikoa, eta musika da bizkarrezurra, baina hori inguratzen duen guztiak estilismo, irudi eta kolore jakin batzuk ditu.

Itziar Beitia: Proiektuari osotasun bat ematen dio, eta horrez gain, proiektua saltzerakoan, aurkezpenerako balio du. Gizartean horretara ohitu gara; guztia begietatik sartzen da egun, baita batzuetan musika ere.

 

"Egun egiten ditugun gisako abestiak konposatzen hastean jabetu ginen estilo ederra zela"

 

Belaunaldi desberdinetako bost lagunek osatzen duzue Bulego, eta Passepartout baino lehen, talde askotan ibilitakoak zarete denok, bakoitza bere estiloan. Taldekide hain anitzak izanik, nola egin duzue poperako fusioa?

T.L.: Alberto Martinez azkoitiarraren figura aipatu behar dugu kasu honetan. Izan ere, haren bitartez sortu genuen Passepartout; hark egin zituen fitxaje gehienak, eta hark izan zuen taldea sortzeko ikuspegia. Ondoren, atzerrira joan zen, eta guk gure bidea egin genuen, hasieran Passepartouten eta gero Bulegon.

Euskal Herrian ez dira asko popa euskaraz egiten dutenak. Bidea urratzen ari al zarete?

T.L.: Popa euskaraz egin izan duten talde asko izan dira gure aurretik: Ken Zazpi, Itoitz, Bide Ertzean... Egia da, ordea, gaur egun gero eta gutxiago direla euskaraz soilik abesten duten taldeak. Euskal Herrian garai ederra ari gara bizitzen musikari dagokionez, estilo mordoa lantzen duten talde oso desberdinak daudelako. Baina iruditzen zait gero eta talde gutxiago ari direla euskaraz soilik sortzen. Gu euskaraz hazi ginen, euskaraz bizi gara eta euskaraz irteten zaizkigu abestiak.

Euskal Herrian nola sumatzen duzue musikaren panorama?

X.A.: Oso une interesgarrian gaude, giroa anitzagoa eta ausartagoa delako, eta datozenentzat bide ederra egiten ari dira taldeak.

T.L.: Musika egiteaz gain, guztioi gustatzen zaigu entzutea, eta ni asko ari naiz gozatzen beste taldeak entzunez. Esaterako, Nogen folk amerikarra egiten ari da, Huntzak pauso bat aurrera eman du trikitiarekin, En Tol Sarmiento (ETS) popa eta tronpeta hotsak nahasten ari da, Merina gris elektronika gogorra egiten ari da... Entzun nahi duzun guztia duzu, euskaraz eta bertan ekoitzia. Oso ederra da hori.

Udan, aretoetatik jaialdietara egingo duzue jauzi: EHZ festibala, BBK Live, Sonorama eta Donostia Festibalean arituko zarete. Salto kualitatiboa izango al da?

T.L.: Beti nahi izan dugu jendearengana proiektu desberdinekin iristea. Esaterako, izugarria izan zen Bilboko Kafe Antzokian publikoa gure abestiak kantatzen ikustea aretoa beteta zela. Arraroa egiten zaigu fenomeno hau gure proiektuak sortu duela ikustea. BBK Liven kartelean gure taldearen izena ikusteak ere sortzen digu halako zera bat barruan; izugarria da.

I.B.: Saltoa, kualitatiboa baino kuantitatiboa izango da. Izan ere, izan garen leku guztietan eman dugu dena, eta gauza bera egingo dugu jaialdietan ere. Ez dut uste jaialdietan jotzeak hobeak egingo gaituenik; esperientzia berri batera egokituko gara.

J.L.: Bi urte igaro ditugu eszenatokietan bakarrik jotzen; kontzertu batzuetan beste talderen batekin partekatu dugu agertokia, baina ia guztietan bakarrik aritu gara. Jaialdietan, berriz, talde asko izango gara, ikus-entzule batzuek ez gaituzte ezagutu ere egingo... Zentzu horretan, jende gehiagorengana iristeko aukera izango dugu.

X.A.: Urte bakar batean bost jaialditan egotea izugarria da bi urte dituen talde batentzat, are gehiago euskara hutsez abestuta; oso positiboa da. Badakigu ez dugula programazioetako ordu nagusietan joko, baina jotze hutsak izena ematen dio taldeari, eta formatu berrietara moldatzeko aukera eskainiko digu. Hainbat plazatan ere jo dugu, eta magikoa izaten da horietakoa ere.

Etorkizunera begira jarrita, non ikusten duzue taldea hamar urte barru?

T.L.: Hain barneratuta ari naiz unea bizitzen, gozatzen eta asimilatzen... Ez dakit zer esan. Urte batzuk barru gustatuko litzaidake Bulego puntapuntan egotea, taldeak entzuleekin konektatzen jarraitzea eta taldea musikarekiko ilusioa galdu gabe egotea, baina ez dakit bost urte barru hori erantzungo al dudan. Uneaz gozatzen eta gertatzen ari denaz kontziente izaten jarraitzea nahi dut. Izan ere, duela bi urte ez genukeen sinetsiko honaino ailegatuko ginenik.

I.B.: Egungo jarduna bakoitzaren lanarekin bateraezina izango zela pentsatuko genuen.

X.A.: Ni baikorra naiz. Duela bi urte esaten genituen gauza batzuk bete egin dira, eta beste batzuk betetzeko daude. Beraz, bidean ez goaz hain gaizki.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide