Hitz bitan

Oihana Aranbarri: "Bisitariek geroz eta gehiago galdetzen dute naturari buruz"

Oihana Aranbarri, Loiolako turismo bulegoan. (Ane Olaizola)

Iraurgi Berritzeneko lantaldeko kidea da Oihana Aranbarri (Azkoitia, 1978), eta Loiolan dagoen Urola Erdiko turismo bulegoaren ardura du azken urteetan.

Zein da zure egitekoa turismo bulegoan?

Batetik, arlo teknikoan lan egiten dugu; produktu turistikoa lantzen dugu, bezeroen beharren arabera. Oraintsu estreinatu dugu, esaterako, Ignaziotar Lurraldea 360 proiektua. Eremu horretan dauden hiru baseliza eta santutegi online bisitatzeko aukera ematen du webguneak, erresoluzio altuko argazkien bidez. Garrantzitsua bezain ikusgarria da proiektua.

Horrez gain, bisitariei harrera egiten diet bulegoan aurrez aurre edo helbide elektroniko bidez. Asko gustatzen zait jendearekin egotea, eta horixe izan da izurritean gehien sumatu dudana faltan. Izan ere, bulegoak aukera ematen du bisitariekin elkarrizketak patxadaz egiteko.

Zergatik? Bulegoa txikia delako?

Bisitariak ez direlako bulegora etengabe etortzen. Horrek ahalbidetzen dit haiei gauzak lasai azaltzea. Izan ere, batzuek ez gaituzte kokatzen mapan, eta haiei non gauden, gure identitatea zein den... azaltzen diet.

Zein da bulegora jotzen duten bisitarien profila?

Mundu osoko bisitariak etortzen dira, eta horien artean, bi profil bereiziko nituzke: batetik, goi denboraldian, familiarekin edo lagun artean bidaiatzen ari direnak; eta bestetik, behedenboraldian atzerritik autobusez etortzen direnak. Dena den, behe-denboraldia aldatzen ari da, egun jendeak urte osoan bidaiatzen baitu. Izurriarekin geratu egin zen turisten joan-etorria, baina badirudi jendea berriz hasi dela mugitzen.

Batez ere, nondik joaten dira turistak?

Azkenaldian, batez ere, atzerritarrak etortzen dira. AEBetik jende dezente etortzen da, han San Inazioren unibertsitate asko dituztelako. Aurten, gainera, Inaziotar Bidearen 500. urteurrena da, eta hemendik pasatzen diren asko bide hori ari dira egiten: alemaniarrak, frantsesak, espainiarrak...

Oraintsu arte, barne turismoa nagusituko zen, ezta?

Barne turismoa erabatekoa izan da, eta batez ere, bizkaitarrek esploratu dute Gipuzkoa, askok ez baitute ezagutzen. Finean, Loiolak zabaltzen du bailararen izena, mundu osoan baita ezaguna. Baina bisitariak liruratuta gelditzen dira inguruan zer dagoen ikusten dutenean. Hemengo jendearekin ere harrituta geratzen dira, oso adeitsua delako haiekin.

Zer da bisitariek gehien eskatzen dutena?

Basilika ikustera gerturatzen dira Loiolara, baina gero zer gehiago egin dezaketen galdetzen digute; planak nahi dituzte. Loiola ezagutzen dutenean, Azkoitira edota Azpeitira joaten dira, eta han kaleko giroa ikusten dute. Era berean, asko gustatzen zaie hemengo lasaitasuna.

Turismoa lehengo egoerara itzultzen ari al da?

Antzematen da jendearen joan-etorria. Atzerritarren betetako autobusak hasi dira etortzen. Nabari da jendeak kanpora irteteko eta lekuak ezagutzeko gogoa duela. Ez dago lehengo beldur hura; orain, lasai dabil jendea.

Nolako uda aurreikusten duzue?

Ezkutuko Altxorrak bisita gidatuekin hasi gara dagoeneko. Vicente Davilak eskaintzen ditu saioak, eta batez ere, bertako herritarrak animatzen dira bisita horietara. Izan ere, geuk ere ezagutzen ez ditugun txoko ugari ditugu hemen. Horrez gain, inguruko ostatuetako arduradunek ekainean mugimendu dezente antzeman dutela esan didate. Azkenaldian ikusi dugu bisitariak eskualdean ari direla ostatu hartzen; Gipuzkoaren erdian egonik, hiriburuetatik oso gertu gaude, eta hori oso garrantzitsua da mugitzeko.

Urola Erdia ezagutaraztea da zure lana. Zein da zure lekurik gogokoena?

Bisitariek geroz eta gehiago galdetzen dute naturaz. Urolako Bide Berdea bertan dugu, eta bisitariei asko gustatzen zaizkie horrek ematen dituen aukerak. Izarraitzen ere jende asko dabil. Asko gustatzen zait natura.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide