Joxe Alberdi 'Burruntxali'-ren omenezko plaka jarri du udalak Ibaiondo kalean

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 6a, 16:19
Azkoitiko Udaleko lau taldeetako ordezkariak, Ibaiondo kalean, plakarekin. (Azkoitiko Udala)

Espainiako gerraren eta diktadura frankistaren memoria berreskuratzeko lanketaren barruan jarri du plaka udalak, eta lau alderdietako ordezkariak izan dira gaur, asteazkena, plaka ezartzen. Burruntxali "gerrako umea" izan zela azaldu du erakundeak, eta Ingalaterrara ebakuatu zutela duela 85 urte.

Azkoitiko Udala Espainiako gerraren eta diktadura frankistaren memoria berreskuratzeko lanketa garatzen ari da, eta zeregin horren barruan, Joxe Alberdi Elorza Burruntxali (Azkoitia, 1922 - Denia, 2008) zenaren omenezko plaka ezarri du Ibaiondo kalean. Azkoitiko eskultorea "gerrako umea" izan zela nabarmendu du erakundeak, eta Ingalaterrara ebakuatu zutela duela 85 urte. "Bakarrik joan zen, familiako inor gabe. Familia askoren zigorra izan zen erbestea, baina Azkoitian ez da bakarrik ihesi joan zen beste haurrik ezagutzen, nahiz eta ordurako Alberdik 15 urte izan", adierazi du udalak.

EAJ, EH Bildu, Azkoitia Bai eta PSE-EEko Azkoitiko ordezkariak izan dira plaka ezartzen gaur, asteazkena, Ibaiondo kalean, eta hango etxebizitza bloke baten eraikinean ezarri dute, Burruntxalik 1995ean egindako Konkordiari Monumentua eskulturaren ondoan, hain justu. Honako esaldia irakur daiteke plakan: "Joxe Alberdi Elorza Burruntxali eskultorea oroituz, erbestearen ume askea. Bere mendeurrenean, Azkoitiko herriak". Erakundeak jakinarazi duenez, omenaldi honen bitartez "lehen eta orain, gerra eta miserietatik ihes egiteko, itsaso eta lur ezezagunetan barneratzera behartuta ikusten diren haur guztiak" omendu nahi dituzte.

Honakoa ez da Burruntxaliren alde udalak egin duen lehen ekintza. Izan ere, eskultore azkoitiarraren jaiotzaren mendeurrena tarteko, haren obren erakusketa jarri zuten Portaleburu aretoan; gainera, haren erakusketarekin zabaldu zuten areto hura.

Euskal Herritik ihes

Udalak Burruntxalik bizi izan zuenaren inguruko hainbat argibide ere eman ditu: "Gernikako bonbardaketa eta gero, Habana baporea Santurtziko portuan atrakatuta zegoen Ameriketara irteteko prest, baina helmuga aldatu behar izan zuten. Itsasontzia, Compañía Trasantlántica Española-rentzat Sestaoko La Naval ontziolan eraikia, ebakuazio espedizioetarako erabili zen. 1937ko maiatzaren 21ean Southamptonera irten zen, britainiar indar armatuen Royal Navy Errege Itsas Armadak babestuta. Aurretik, Jose Antonio Agirre lehendakariak agurtu zituen ontziratutako 3.861 haur, 95 andereño, 120 laguntzaile eta hamabost apaiz zihoazen umeekin. Seguruenik ume haiek ume izateari utzi zioten egunean".

Itsasontzi hura 1937ko maiatzaren 23an iritsi zen Ingalaterrara, eta udalak nabarmendu duenez, ez zuten sirenarik piztu, haurrek sirena hots hura ez zezaten bonben danbatekoarekin nahastu. Burruntxali 70eko hamarkadara arte ez zen handik itzuli, eta Erresuma Batuan egin zuen bere ibilbide artistiko osoa; besteak beste, irakasle aritu zen Londreseko San Martin's School of Art zentroan. Itzuleran, Denia (Alacant, Herrialde Katalanak) hirian jarri zen bizitzen.

Burruntxaliren aldeko plaka, Ibaiondo kaleko eraikinean. (Azkoitiko Udala)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide