Badator udako GUKA magazina

GUKA magazina 2022ko eka. 29a, 17:00

Udako GUKA magazina kalerako du UKTk datozen egunotan. Tokian tokiko aldizkariekin batera banatuko du UKTk idatzizko gehigarri berezia, eta bertan landutako edukiak irakurgai izango dira webguneetan udan zehar. Horrez gain, bideoz landutako edukiak ikusteko aukera izango da ostiralero, 22:00etan, Erlo Telebistan nahiz UKTren tokiko webguneetan. Ostiralean izango da ikusgai udako GUKA magazinaren lehen atala.  

Udarekin batera dator udako GUKA magazina. Iaz bezala, aurten ere udako gehigarri berezia kaleratu du Urolako Komunikazio Taldeak (UKT), eta bazkideek datozen egunotan jasoko dute etxean. Hain zuzen, udari lotutako gaiak landu ditu komunikazio taldeak gehigarri berezian, eta eduki horiek guztiak udan zehar irakurgai izango dira UKTren tokiko webguneetan.

Udako gehigarri bereziaz gain, uztaileko eta abuztuko ostiral guztietan GUKA magazinaren atal bereziak eskainiko dira Erlo Telebistan, eta Uztarriaren, Maxixatzenen, Baleikeren, Karkararen, Zarauzko Hitzaren eta Urola Kostako Hitzaren webguneetan. Saioak 22:00etan hasiko dira, eta datorren ostiralean, uztailaren 1ean, eskainiko dute aurrenekoa. Bertan, taldean egindako bidaiez eta horietan bizitako esperientziez arituko dira bidaia agentzia bateko arduraduna eta harekin bidaiatu duten bi lagun. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide