Santurtzi taldeak irabazi du Joxe Azkueren omenezko XL. Azkoitia Hiria xake txapelketa

Andoni Elduaien 2022ko eka. 26a, 14:28

Ia 70 xakelarik parte hartu dute gaur goizean Kontzejupean jokatu duten Joxe Azkueren omenezko XL. Azkoitia Hiria xake txapelketan. Santurtzi taldeak irabazi du txapelketa, eta Azkoitiko Anaitasuna Kakute taldea hirugarrena izan da.

Gaur, igandea, XL. Azkoitia Hiria xake txapelketa jokatu dute Kontzejupean, Joxe Azkueren omenezko XI. edizioa. Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatu du proba, eta txapelketa arrakastatsua izan da. Hamazazpi taldetako ia 70 xakelarik parte hartu dute gaurkoan. Talderik onena Santurtzi A izan da 58 puntu batuta; bigarren, Barakaldo sailkatu da 52 punturekin, eta hirugarren Anaitasuna Kakute A, 45,5 puntu eskuratuta.

10:00etan hasi da lehia, eta lau pertsonaz osaturiko taldeetan bost minutuko partida azkarrak jokatu ditu xakelari bakoitzak. Anaitasuna Kakutetik, guztira, hiru taldek parte hartu dute: Anaitasuna A, Anaitasuna B eta Anai Neskak. Hain zuzen, gaurkoa egun historikoa izan da Anaitasuna Kakute taldearentzat, historian lehen aldiz emakumek soilik osatutako talde batek parte hartu baitu Azkoitia Hiria txapelketan.

Gainontzeko taldeak honakoak izan dira: Gipuzkoatik Azpeitia, Beasain, Eibar, Elgoibar, Gros, Hondarribia eta Villabona; Bizkaitik Barakaldo, Elorrio, Santurtzi eta Zornotza; Arabatik Martintxo taldea eta Kantabriatik (Espainia) Liendo. Sari banaketa ekitaldia egin ondoren, parte hartzaile guztiak bazkaltzera joan dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide