Altxatu dute Azkoitiko bandera ofizial berria

Andoni Elduaien 2022ko eka. 24a, 21:37

Ekitaldi solemnea egin du Azkoitiko Udalak herriko bandera ofizial berria herritarren aurrean aurkezteko. Duela gutxi arte, kolore zuriko bandera izan du Azkoitiak, baina aurrerantzean gorri kolorekoa izango da. Juan Bautista Mendizabal Ondare zinegotziak aurkitu du herriko banderaren kolorea zein izan zen Udal Artxibategiko 1519ko urriaren 20ko dokumentu batean.

Azkoitiko bandera ofiziala astelehenean aurkeztu ondoren, gaur, San Joan egunez, altxatu dute herriko bandera ofizial berria udaletxean. Sahatsa dantza taldeko kideen eskutik jaso du bandera berria Javier Zubizarreta alkateak, eta hark altxatu du udaletxeko balkoiko mastan Azkoitiko bandera ofizial berria. Orain arte kolore zurikoa zen bandera ordezkatuko du aurrerantzean kolore gorria izango duen banderak.

Bandera berria aurkezteko ekitaldia solemnea izan da. Sahatsa dantza taldea eta Txalkor txistulari taldea Aingeru kaletik Plazaberriraino joan dira, eta han, garai batean Azkoitiko udaletxea egon zen Altzibar jauregiaren atarian hartu dute Sahatsakoek bandera ofizial berria.

Plazaberritik berriro herriko plaza nagusirako bidea hartu dute Sahatsako eta Txalkorreko kideek, baina eliz atarian egin dute lehen geldialdia. Han, Andre Mariaren Jasokundeko parrokiara begira astindu dute lehen aldiz bandera. Eliz atarian egin beharrekoak egin ostean, udaletxe aurreko plazara zuzendu dira dantzariak eta txistulariak, han baitzituzten zain udalbatzako hamazazpi kideak, Javier Zubizarreta alkatea buru.

Bandera ofiziala alkateari eman aurretik, dantzariek berriz ere bandera dantzatu dute udaletxe aurrean, eta alkateari eman diote segidan. Zubizarretak eskuetan hartu du bandera, eta dantzarien artetik igaroz, udaletxe barrura sartu da. Sahatsa dantza taldekoak haren atzetik igo dira, horiek bandera igotzeko unean udaletxeko balkoi guztiak bete baitituzte beren ezpatekin.

Alkateak bandera udaletxeko mastan lotu du, eta hura altxatzen hasi da segidan. Bien bitartean, Azkoitiko Udal Musika Bandak eta Iraurgi nahiz parrokiako abesbatzek Azkoitia martxa eta San Joan martxa interpretatu dituzte. Plaza nagusia bete duten herritarrek txalo artean hartu dute herriko bandera berria. Historiari atzera begira ibiltzeko arrazoi bat gutxiago du orain Azkoitiak. Aurrerantzean, kolore gorriko bandera astinduko haizeak udaletxeko balkoian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide