Tta-kun areto futbol taldeak I. Beltzan Egune ospatuko du larunbatean

Tta-kun areto futbol taldeko zenbait kide. (Tta-kun)

Goizean, I. Tta-kun AFE Zaleen Txapelketaren finala jokatuko dute Elkargunean. Bazkaria eta sari banaketa ekitaldia egindakoan, musika jartzaileek eta elektrotxarangak girotuko dituzte herriko kaleak. Tta-kun taldearen elastikoa edota kamiseta beltza soinean jantzita irteteko deia egin dute antolatzaileek.

Azkoitiko Tta-kun areto futbol taldeak I. Beltzan Egune ospatuko du datorren larunbatean, uztailak 2. Areto futbol taldeak egin duen denboraldi onaren ostean –igoera fasera sailkatzeko atarian gelditu dira–, egun osorako egitaraua prestatu dute Tta-kun taldeko lagunek. Tta-kun taldearen jaian areto futboleko partidak eta musika izango dira protagonista.

Aste honetan bertan ekin diote I. Tta-kun AFE Zaleen Txapelketari Elkargunean, eta dagoeneko hainbat partida jokatu dituzte. 25 taldek eman dute izena txapelketan aritzeko, eta datorren astean txapelketako norgehiagoka gehiago jokatuko dituzte Elkarguneko kantxan. Hain zuzen, astelehen, astearte eta asteazken arratsaldean jokatuko dituzte falta diren lehia guztiak.

Beltzan Eguna ospatzen hasteko, I. Tta-kun AFE Zaleen Txapelketaren final nagusia jokatuko dute. 11:00etan hasita, Elkargunean arituko dira txapelketako bi talde onenak. Finala jokatutakoan, kalera eramango dute jaia; izan ere, 12:30etik 14:30era bitartean trikipoteoa egingo dute herriko kaleetan zehar. Segidan, bazkaria egingo dute txapelketan parte hartu duten taldeetako ordezkari guztiek Azoka Plazan. Bazkalostean, areto futbol txapelketaren sari banaketa ekitaldia egingo dute Plazaberrin.

Arratsaldean, musikak lagunduta luzatuko dute jaia. 16:00etatik 17:00etara, Albi DJak girotuko du Plazaberria. Haren emanaldia amaitutakoan, era askotako jolasak egingo dituzte kale horretan bertan. 17:30etik 19:00etara, berriz, Newhouse DJak hartuko dio lekukoa Albi DJari, eta 19:00etara bitartean girotuko du hark kalea. Beltzan Euneko egitaraua ixteko, Skapaie elektrotxaranga ibiliko da herriko kaleetan zehar; 19:00etatik 20:30era bitartean entzun eta ikusi ahalko da taldea kalean. Festa jai giroan ospatzeko, kalera Tta-kun taldearen elastikoarekin edo kamiseta beltzarekin irteteko eskatu dute antolatzaileek.

Egitaraua, osorik

Tta-kun areto futbol taldeak honako egitaraua antolatu du datorren larunbaterako:

  • 11:00etatik 12:00etara, I. Tta-kun AFE Zaleen Txapelketako finala, Elkargunean.
  • 12:30etik 14:30era, trikipoteoa, herriko kaleetan zehar.
  • 14:30ean, txapelketan parte hartu dutenen arteko bazkaria Azoka Plazan. Ondoren, sari banaketa ekitaldia, Plazaberrin.
  • 16:00etatik 17:00etara, DJ Albi, Plazaberrin.
  • 17:00etatik 17:30era, jolasak, Plazaberrin.
  • 17:30etik 19:00etara, DJ Newhouse, Plazaberrin.
  • 19:00etatik 20:30era, Skapaie elektrotxaranga, herriko kaleetan zehar.
  • 20:30etik aurrera, bakoitzak ahal duena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide