"Aurrezki kutxa lagunkoiagoak" eskatu ditu Azkoitia Lagunkoia taldeak

Anartz Izagirre 2022ko eka. 22a, 11:50
Laboral Kutxaren Azkoitiko bulegoaren irudi bat. (Azkoitiko Udala)

Izarraitz Lanbide Heziketa zentroko ikasleek inkesta bat egin dute adin nagusiko herritarrek zerbitzu elektronikoak erabiltzerakoan dituzten arazoen berri jakiteko, eta besteak beste, aurrezki kutxek "leihatilan gero eta arreta pertsonalizatu gutxiago" emango dutela ondorioztatu dute. Udalak azaldu du banketxeak zein aurrezki kutxak "formula berriak" bilatzen ari direla adineko pertsonei "zerbitzu hobea eskaintzeko".

Azkoitia Lagunkoia taldeak "aurrezki kutxa lagunkoiagoak" eskatu ditu. Udalak jakinarazi duenez, Izarraitz Lanbide Heziketa zentroko ikasleek, Azkoitia Lagunkoiaren ekimenez, inkesta bat egin dute adin nagusiko herritarrek zerbitzu elektronikoekin dituzten arazoak zenbaterainokoak diren jakiteko. Hain zuzen ere, Menpekotasun egoeran dauden pertsonen arreta zikloko ikasleak kalera atera ziren 65 urtetik gorako herritarren esperientziak jasotzera, eta horiek osatutako dokumentuan jasotzen denez, "pertsonen zaurgarritasuna ebidentzian" jarri da, besteak beste, "ezjakintasunagatik, beldurragatik, kontrola galtzeagatik eta harrotasunagatik".

Izarraitz zentroko ikasleek atera duten ondorio nagusienetakoa da aurrezki kutxek, digitalizazio prozesua tarteko, leihatilan gero eta "arreta pertsonalizatu gutxiago" emango dietela bezeroei, eta herritarrek egin ditzaketen eragiketak "gero eta mugatuagoak" izango direla. "Horren ondorioz, kudeaketak kutxazainetan egiteko trebatu behar dira, edo bestela, sukurtsaleko langileei laguntza eskatu. Azken aukera da aplikazio digitalak erabiltzea, eta horretarako ere formazioa beharko dute", nabarmendu dute ikasleek.

Hamahiru galderaz osatutako inkesta da egin dutena, eta, guztira, 153 pertsonak erantzun dute galdetegia. Era berean, banketxeetako arduradunei ere elkarrizketak egin dizkiete, eta adinduek dituzten zailtasunez "kontziente" direla jakinarazi diete horiek ikasleei. Dena den, adin kontua baino "jarrera kontua" dela nabarmendu dute horietako batzuek, ikasleen esanetan. Galdetegiaren ondorioen arabera, 65 eta 90 urte bitarteko herritarren %97,4 oraindik ere aurrezki kutxara edo banketxera joaten da kudeaketak gauzatzera. Gainera, horien erdiak baino gehiago (%58,8) bakarrik joaten dira. Era berean, %5,9 soilik dira Internet bidez tramiteak gauzatzen dituztenak, digitalki kudeaketarik egiten ez dutenak %85,5 dira eta batzuetan egiten dituztenak %8,6.

Irisgarritasunari dagokionez, berriz, galdetegia erantzun duten herritarren %86,9k bulegoak "irisgarriak" direla dio, eta eta %81ek uste du erraza dela bulego horietan "orientatzea" eta "nora joan behar den jakitea". Jasotzen duten informazioari dagokionez, berriz, ulertzen dutela erantzun du %40,3k.

Banketxeak, "formula berrien" bila

Udalak oharrean nabarmendu duenez, banketxeak eta aurrezki kutxak "formula berriak bilatzen" ari dira adineko pertsonei "zerbitzu hobea eskaintzeko", eta dagoeneko hainbat neurri indarrean dituztela jakinarazi du erakundeak. Herriko banketxe eta aurrezki kutxa bakoitzak hartu dituen neurri zehatzen berri ere eman du erakundeak, eta honakoak dira:

  • Kutxabank
    • 08:00etatik 22:00etara telefono bidezko banka espezializatuko telefono bidezko arreta jarri da abian.
    • Nagusientzat aurrez aurreko arretaren ordutegia zabaldu da, eta 08:30etik 14:00etara eskaintzen da kutxa zerbitzua duten bulegoetan, beti ere, OK kontuaren titularrak diren 65 urtetik gorakoentzat.
    • Pertsona nagusiek banku izapideak egiteko orduan senti dezaketen segurtasun eza eta ahultasuna saihesteko, bezeroentzat erreferentziazko kudeatzaile bat jarri dute.
    • Digitalizazioaren arloko prestakuntza planaren ekimena sare osora hedatzen ari dira fundazioaren bidez.
    • APP-a erabilera errazekoa da, hizkuntza eta ikuspegi sinplifikatua du, bezeroen eragiketa ohikoak menuan agertzen dira, eta laguntza elementuen presentzia nabarmena da.
    • Sukurtsaleko langileek behar adina aldiz laguntzen dute kutxazainetan kudeaketak egiten.
  • Rural Kutxa
    • 65 urtetik gorako bezeroentzat prestakuntza ikastaroak daude: digitalizazioa eta mugikortasuna eta bankuko kutxazainen aplikazioa. Doako ikastaroak dira, hiru ordukoak, eta kanpoko enpresa batek ematen ditu.
    • Ez dago kudeaketak egiteko ordutegirik. Nagusientzat aurrez aurreko ordutegi zabala dute.
    • Sukurtsaleko langileek behar adina aldiz laguntzen dute kutxazainetan kudeaketak egiten.
  • BBVA
    • Nagusientzat aurrez aurreko arreta ordutegia 14:15era arte zabaldu da.
    • Sukurtsaleko langileek 11:00 bitartean behar adina aldiz laguntzen dute kutxazainetan kudeaketak egiten.
    • APP-aren erabilera bultzatzen du eta bezeroei erabileran trebatzen laguntzen die, beren kudeaketan autonomia izan dezaten.
  • Laboral Kutxa
    • Bezeroei APP-aren erabilera bultzatzeko banakako prestakuntza ematen die.
    • Bezeroek ordutegi zabala dute nahi duten kudeaketa egiteko: 8:30etik 14:00etara.
    • Sukurtsaleko langileek behar adina aldiz laguntzen dute kutxazainetan kudeaketak egiten.
    • Bezeroei arreta emateko aurretiko hitzorduak ematen dituzte.
  • Banco Santander
    • Bezeroek ordutegi zabala dute nahi duten kudeaketa egiteko: 8:30etik 14:00etara.
    • APP-aren erabilera sustatzen dute eta banakako prestakuntza ematen dute.
    • Kudeaketetarako sukurtsaleko langileek laguntzeko prestutasuna agertzen dute.
    • Bezeroei arreta emateko aurretiko hitzorduak ematen dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide