Gogotik ari dira Otabak ospatzen Elosuan

Julene Frantzesena 2022ko eka. 19a, 11:01

Atzo hasi ziren festak ospatzen auzoan, eta besteak beste, mus txapelketa eta bertso afaria egin zituzten. Gaur Jubilatuen Eguna izango da, eta egun osorako egitaraua prestatu dute. Bihar bukatuko dira jaiak, Otaba Txiki Egunarekin.

Otaba jaietan murgilduta dira atzotik Elosuako bizilagunak. Izan ere, atzo goizean hasi ziren jaiak ospatzen, bandera jasota eta txupinazoa botata. Besteak beste, mus txapelketa, triki poteoa eta bertso afaria egin zituzten, eta beroa eginagatik, dozenaka lagun elkartu ziren auzoan.

Jaiak hasi baino ez dira egin. Izan ere, gaur Jubilatuen Eguna izango da Elosuan, eta egun osorako egitaraua prestatu dute. Meza, pilota partida, jubilatuen bazkaria, pentatloia eta erromeria egingo dituzte. Bihar, berriz, Otaba Txiki eguna ospatuko dute; meza, hamaiketakoa, auzo bazkaria, umeentzako jolasak, trikipoteoa eta auzo afaria izango dira.

Hona hemen gaurko eta biharko egitaruak:

Gaur, Jubilatuen Eguna
  • 11:30ean, meza nagusia.
  • 12:00etan, pilota partidak.
  • 14:30ean, jubilatuen bazkaria Elurmendi elkartean. Izena emateko, 688 92 00 86 telefonora deitu beharko da.
  • 18:00etan, pentatloia Izetaren eta Zalduaren artean.
  • Ondoren, erromeria.
Bihar, Otaba Txiki Eguna
  • 12:00etan, auzoan hildakoen aldeko meza.
  • 13:00etan, Piskolabitx.
  • 15:00etan, auzo bazkaria.
  • 17:30ean, ume zahar eta gazteentzat jolasak.
  • 19:00etan, trikipoteoa.
  • 21:00etan, auzo afaria. Izena emateko, 688 92 00 86 telefonora deitu beharko da.
  • 00:00etan, bandera jaitsiera eta jaien amaiera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide