Pelotai Eune 2022

Oihane Uzin eta Eneritz Garate zein Oier Epelde eta Unai Juaristi nagusi, binakako pilota txapelketa herrikoian

Julene Frantzesena 2022ko eka. 18a, 20:37

Gaur arratsaldean jokatu dituzte txapelketako finalak Kontzejupean. Uzinek eta Garatek 22 eta 7 irabazi dute Maria Garateren eta Oihana Aranbarriren kontrako partida. Epeldek eta Juaristik, berriz, Jon Oteiza eta Julen Olaizola izan dituzte aurrez aurre, baina 22 eta 20 nagusitu dira.

Pilota partidak izan dira gaur arratsaldeko protagonista Azkoitian. Izan ere, Pelotai Euneko partida garrantzitsuenak 17:30etik aurrera jokatu dituzte Kontzejupean. Lehen norgehiagoka Alex Juaristik eta Markel Anduezak jokatu dute, Elolaren eta Labakaren kontra.

Partida horren ondoren jokatu dituzte aurtengo Pelotai Euneko eskuz binakako pilota txapelketako finalak. Lehenik nesken finala izan da, eta Eneritz Garatek eta Oihane Uzinek Maria Garateren eta Oihana Aranbarriren kontra neurtu dituzte indarrak. Garate eta Uzin nagusitu dira, 22 eta 7. Segidan jokatu dute finala Oier Epeldek eta Unai Juaristik nahiz Jon Oteizak eta Julen Olaizolak, eta Epeldek eta Juaristik jantzi dute txapela, partida 22 eta 20 irabazita.

Bi finalak bukatzean egin dute sari banaketa ekitaldia Kontzejupean bertan, eta han izan dira garaikurrak eta garaileen txapelak banatzen Javier Zubizarreta alkatea eta Angel Martin zinegotzia, baita Pelotai Euneren sustatzaileak ere.

(Argazkiak: Azkoitiko Udala eta Pelotai Eune)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide