Ur asko eta jai giroa beroari aurre egiteko Xabier Munibe Ikastolaren Egunean

Mailo Oiarzabal 2022ko eka. 18a, 16:07

Ikasleak, gurasoak eta irakasleak ikastolan elkartu dira gaur goizean, eta ekintza ugariz hornitutako egitarauaz gozatu dute.

Xabier Munibe Ikastolako jolastokian beroa, bero handia, zegoen gaur goizean, baina oztopo hori gainditu dute Azkoitiko ikastolaren eguna ospatzeko han elkartu diren ikasleek, gurasoek eta irakasleek. Ura aukeran izan dute, izan ere, nahi izan dutenek, eta ondo astindu dituzte jolastokiko iturria zein mahukak.

Hala ere, gaurkorako prestatu dituzten ekintza ugarietako asko eguzkipetik salbu egin dituzte. Zirku tailerra, margotze tailerra, aurpegiak margotzeko gunea, puzgarriak... horiek guztiak barruan edota jolastokiaren bueltako aterpetan egin dituzte. Sabelak asetzeko pintxoak eta edari feskoak ere ez dituzte aparte izan, ezta umore ona ere, eta jai giroan ospatu ahal izan dute ikastolaren eguna Xabier Munibekoek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide