Azkoitiak hirugarrenez jarraian irabazi du Herriarteko Gomazko Txapelketa

Julene Frantzesena 2022ko eka. 18a, 09:40

Donostia izan zuen atzo aurrez aurre Azkoitiak, Gurea pilotalekuan jokatutako finalean, eta 3 eta 0 nagusitu zen etxeko taldea. Hirugarrenez jarraian jantzi dute txapela Azkoitiko pilotariek.

Azkoitian gelditu zen atzo Herriarteko Gomazko Paleta Txapelketako garaikurra. Izan ere, Gurea pilotalekuan neurtu zituzten indarrak Azkoitiko eta Donostiko palistek atzo gauean, eta etxeko kirolariak aise irabazi zuten finala: 3 eta 0.

Herritar ugari izan ziren frontoian, eta giro ezin hobean jokatu zituzten partidak palistek. Lehen neurketan Iker Epeldek ordezkatu zuen Azkoitia; hark 20 eta 14 irabazi zuen kantxa osoan buruz buru jokatutako neurketa. Bigarren partida estua izanagatik, Oier Beitia eta Igor Juaristi nagusitu ziren, 20 eta 19. Hirugarrena ere Azkoitiarentzat izan zen; Jokin Aizpuruk 20 eta 7 irabazi zuen.

Sari banaketa ekitaldian izan ziren Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Angel Martin Kirol zinegotzia. Gogotik altxatu zuen alkateak palistek irabazitako garaikurra. Hark adierazi duenez, "poz galanta" izan da garaipena herritarrentzat: "Gogor saiatuta irabazi dute Herriarteko Gomazko Paleta Txapelketa azkoitiarrek. Herrian herritarrek irabaztea bezalakorik ez dago. Zorionak eta gozatu".

Aurtengoa gomazko paleta modalitateko txapelketaren laugarren edizioa izan da, eta Azkoitiak hirugarren aldiz irabazi du txapela. Hain zuzen ere, 2019an, 2021ean eta aurten irabazi du txapelketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide