Trebatzen udako lantegietarako izen-emate epea asteazkenera arte luzatu du Gazteriak

Andoni Elduaien 2022ko eka. 19a, 09:00
Robotika ikastaroko argazkia. (Udala)

Asteazkenean, hilak 22, itxiko da tailerretan izena emateko epea. Era berean, bihartik aurrera Gazteria bulegoak udako ordutegia izango du. 

Azkoitiko Gazteria sailak jakinarazi duenez, Trebatzen udako tailerretan izena emateko epea luzatu dute. Ekainaren 12an ziren epea ixtekoa, baina datorren asteazkenera arte, ekainak 22, luzatu dute orain. 

8 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako tailerrak eskainiko dituzte uztailaren 4tik 15era Elkargunean, nahiz eta ikastaro bakoitzak bere data izango duen. Honako tailer hauek eskainiko dituzte: marrazketa artistikoaren tailerra, eskuz briko lantegia, Kodeka robotika tailerra, ilustrazio marrazketa tailerra, arteterapia sormena lantzeko tailerra, Kodeka bideo-jokoen programazio tailerra, grafismo digitalaren tailerra, multikirola tailerra eta Kodeka teknologiaren tailerra.

Izen-ematea Elkarguneko Gazte Zerbitzu Bulegoan egin beharko, baia Elkargunearen webgunean ere. Online egin nahi dutenek, webgunean bertan aurkituko dute ordainketa egiteko kontu korronte zenbakia. Gazte Zerbitzu Bulegoan egiten dutenek, berriz, dirua sartu eta izen-emate orria betetzerakoan ordainagiria aurkeztu beharko dute bulegoan. Tailer bakoitzaren prezioa 80 eurokoa da, baina bi ikastarotan izena emanez gero, prezioa 120 eurokoa izango da. Familia beretik izena kide bat baino gehiagok ematen badute edo familia ugariko partaidea izanez gero, prezioan %25eko hobaria izango dute horiek.

Ikusi tailerren eskuorria.

Udako ordutegia

Bestalde, Gazteria bulegoak udako ordutegia izango du bihartik aurrera. Aurrerantzean 09:30etik 12:30era bitartean zabalduko dituzte bulegoak. Arratsaldez itxita egongo da bulegoa ikasturte berria hasi arte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide