Xabier Munibe eta Julio Urkixo kaleak asfaltatzen hasiko dira astelehenean

Andoni Elduaien 2022ko eka. 18a, 09:00
Xabier Munibe kalean hasiko dira lehenik errepidea asfaltatzen.

Duela aste batzuk egin zituzten bi kale horietan errepidea asfaltatu aurretik egin behar izaten diren lanak. Xabier Munibe kalea itxi egingo dute asfaltatzeko, baina Julio Urkixo etorbidean errei bat zabalduko dute trafikoaren normaltasunari eusteko.

Astelehenean, hilaren 20an, hasiko dira asfaltatzen Xabier Munibe eta Julio Urkixo kaleak. Duela aste batzuk egin zituzten errepidea asfaltatu aurretik egin ohi diren lanak, eta guztia prest dute dagoeneko lanei ekiteko. Asfaltos Urretxu enpresak egingo ditu lanak, eta horiek aurreikusi duenez, bospasei egunetan amaituko dituzte lanak.

Lanak Xabier Munibe kalean hasiko dituzte eta Julio Urkixon amaitu. Hain zuzen, Aizkibel liburutegi paretik Julio Urkixo etorbidearen bidegurutzerainoko errepide zatia asfaltatuko dute lehenik. Lan horiek amaitutakoan, bi kaleen arteko bidegurutzeko lanak egingo dituzte, eta azkenik, Julio Urkixo etorbideko 1 eta 20 zenbakien arteko tartea.

Lanek eragina izango dute trafikoan. Xabier Munibe kalea asfaltatzeko, itxi egingo dute errepidea, eta ibilgailuek Trenbidearen Zumardia kalera jo beharko dute herritik irten ahal izateko. Xabier Munibe kalearen eta Julio Urkixo etorbidearen arteko bidegurutzea asfaltatzerakoan, berriz, Trenbidearen Zumardiatik irten beharko da; herrirako sarrera, berriz, Izpiritu Deuna kaletik, Intsausti jauregiaren alboko errepidetik ondotik edota Juin kaleko biribilgunetik barrena egin beharko da.

Julio Urkixo etorbideko asfaltatze lanek, berriz, ez dute eragin nabarmenik izango trafikoan; izan ere, errei bat irekita egongo da. Era berean, erakundeak jakinarazi du autobus zerbitzuek aldaketak izan ditzaketela eta horien berri ere emango dutela datozen egunetan. Obrek eragozpenak eragin ditzaketela eta, udalak nabarmendu du "trabak minimizatzen" eta lanak "lehenbailehen bukatzen" ahaleginduko direla.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide