Buru osasuna izan dute hizpide GKSren hitzaldian

Andoni Elduaien 2022ko eka. 17a, 15:00
Elkargunean egin zuten hitzaldia. (Argazkiak: Azkoitiko GKS)

Buru osasun arazoaren zergatiak zein diren azaldu zuten Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) kideek Elkargunean. Gazte ugari elkartu zen aretoan hitzaldia bertatik bertara jarraitzeko.

Atzo, osteguna, buru osasunaren inguruko hitzaldia eskaini zuten Azkoitiko Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) kideek Elkarguneko Herriko plaza aretoan. Kultura kapitalistaren eragina gazteon buru osasunean izenburupean aritu ziren hizketan, eta lagun ugari elkartu zen aretoan.

GKSko kideek nabarmendu zuten, gazteen artean buruko gaixotasunen kasuak "areagotzen" ari direla azken urteetan, hala nola depresioa eta antsietatea. "Instituzioek eta komunikabideek arazo hori ikusaraztearen beharraz hitz egiten duten arren, fenomenoa erreproduzitzen duten kausa sozialak ezkutatzen dituzte, besteak beste, gure arteko lehiakortasuna, indibidualismoa eta etorkizunarekiko segurtasun eza".

Solasaldian adierazi zuten kausa horiek "sistema kapitalistaren funtzionamenduari ohikoak zaizkion ezaugarria" direla. "Norbanakoaren gainean jarri ohi da ardura guztia". Zergati horiek seinalatu zituzten atzo, eta "gizakia erdigunean jarriko duen gizartea eraikitzearen beharra" azpimarratu zuten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide