2021eko balantzea aurkeztu du Parrokiako Caritasek Korputz eguneko diru bilketaren atarian

Mailo Oiarzabal 2022ko eka. 16a, 17:39
Juan Luis Uria, Ixabel Jauregi, Nora Ceron, Felix Azurmendi eta Mari Carmen Fernandez Caritaseko kideak atzo, parrokiako Kantzela atarian. (Mailo Oiarzabal)

Beharrean diren 142 familia, 438 pertsona, laguntzen dituzte gaur egun Azkoitian, beste eginkizun batzuen artean. Andramaixetako tonbola eta urtean zehar parrokian eta herriko elizetan egiten diren diru bilketak dira erakundearen diru sarreren iturri nagusiak. Sarrerak baino gastu gehiago izan zituen iaz erakundeak: 95.000 euro jaso zituen, eta 108.400 gastatu.

Igande honetan Korputz eguna ospatuko du Elizak. Egun horretan, urtero, Azkoitian egiten diren meza guztietan jasotzen den dirua Parrokiako Caritasentzat izaten da, eta aurten ere horrela izango da. Korputz egunekoa eta Gabonetakoa dira, hain zuzen ere, Caritasek herrian gauzatzen dituen jardueretara bideratzeko elizetan egiten dituen diru bilketa nagusiak; Caritasen aldeko beste bi diru bilketa ere egiten dituzte urtean zehar mezetan, baina horiek herritik kanpoko proiektuak laguntzeko izaten dira.

Horrela azaldu zuten atzo Azkoitiko Caritaseko kideek, Korputz eguneko diru bilketaren atarian 2021eko balantzea aurkezteko egin zuten agerraldian. Juan Luis Uriak, Felix Azurmendi erretoreak, Nora Ceronek, Ixabel Jauregik eta Mari Carmen Fernandezek eman zuten iazko diru sarrera-irteeren berri eta azaldu zuten jasotako baliabideak zertan erabili dituzten. "Nahi dugu Azkoitiko jendeak jakitea jasotzen dugun dirua zertan gastatzen dugun", adierazi zuten.

34 lagunek osatzen dute uneotan Azkoitiko Caritasen lantaldea, eta erakundeak bere gain hartzen dituen jardueretan banatzen dira kideak. Elikagai bankua eta jantzitegia kudeatzen ditu Azkoitian Caritasek, atzerritik datozenen harrera ere bai, eta Espetxe eta Osasun pastoraltzetan ere egiten du lan. Hilero elkartzen dira Caritaseko kideak bilera batean, esku artean dituzten lanen eta eginkizunen jarraipena eta koordinazioa errazteko.

Zenbat eta zertarako

Sarrerak baino gastu gehiago izan zituen iaz erakundeak: 95.021 euro jaso zituen, eta 108.393 gastatu. Urtean jasotakoa baino gehiago gastatu zuten, beraz, baina "koltxoia" badutela azaldu dute Caritasekoek, enpresek eta herriko jendeak egindako dohaintzei esker, neurri handi batean. Koltxoi hori "txikitzen" ari dela ere aipatu zuten, ordea. "Beharra dutenei" laguntzea da Caritasen helburua, eta "beharrak beti" daudela diote.

Andramaixetako tonbola (iaz 30.235 euro) eta hasieran aipatutako mezetako diru bilketak (iaz 23.356 euro) –parrokian jarria duten itsulapikoan edo herritarren bestelako dohaintzak barne– dira Azkoitiko Caritasen diru iturri nagusiak. Zerrendan ondoren dator Azkoitiko Udalaren dirulaguntza –12.424 euro, iaz–, eta herriko zenbait enpresak ere laguntzen dute diruz Parrokiako Caritas. Diru iturri nagusia bada Andramaixetako tonbola, eta azken urteetan festarik ospatu ez arren, "beste modu batean", baina tonbola martxan izan du Caritasek, eta "jendeak ondo erantzun" duela diote erakundeko kideek. 2021ean tonbolan jasotako 30.235 euroei tonbola beraren gastuak kenduta, irabazi garbia 19:447 eurokoa izan zen Caritasentzat.

Beharrean dauden herritarrei emandako laguntza ekonomiko zuzenetara bideratu zuten iaz jasotako diruaren zati handi bat (48.407  euro). Elikagaietara, etxebizitza beharretara eta jantzitegira beste 11.474 euro bideratu zituen Caritasek joan den urtean; hezkuntzara (materiala, garraioa eta abar), 8.570 euro; Espetxe Pastoraltzara, 800 euro; eta Osasun Pastoraltzara, 328 euro. Horiez gain, Amerikako zein Afrikako zenbait herrialdeetan gauzatzen ari diren garapen proiektuak laguntzeko 12.000 euro erabili zituen Azkoitiko Caritasek, eta azken kopuru hori tonbolan jasotakotik bideratu zuten, ohi dutenez.

"Ikusezinak" laguntzeko

Beharrean diren 142 familia, 438 pertsona, laguntzen ditu gaur egun Azkoitian Parrokiako Caritasek. Denetariko jatorrikoak daude tartean, baita "bertakoak" ere, baina gehien-gehienak Euskal Herrira bizimodua ateratzera etorritako paperik gabeko atzerritarrak dira. Horien jatorria azken urteetan "aldatu" egin dela esan zuten atzoko agerraldian. Azkenaldian iristen ari diren gehienak latinoamerikarrak dira, eta horien artean asko dira Nikaraguakoak. Aldatu den bestea da orain "familia osoak" ari direla iristen; lehen, ohikoena zen lehendabizi emakumeak edo gizonak bakarrik iristea, eta haiek hemen egonkortuz gero seme-alabak edota familiakoak ekartzen hastea.

Agiririk ez dutenez, pertsona horiek erakundeentzat eta gizartearentzat "ikusezinak" dira, Caritasekoen esanetan. Behar asko dituzte, baina oinarrizkoa eta premiazkoena erroldatzea izaten dute, "hori gabe ezin dute-eta inongo laguntzarik eskatu", ezta beren egoera legeztatzeko pausorik eman ere. Erroldatu ahal izateko etxebizitza aurkitzen laguntzea da Caritasek egiten duen gauzetako bat, baina aitortu dute "oso zaila" dela; oro har alokairuko etxeen eskaintza murritza bada, "atzerritarrentzat ez dago etxerik", diote, atzerritarrei etxeak alokatzeko dauden erreparoak nabamenduz.

Arazoak edota ezinak dituen edonori laguntzeko daude Caritasekoak, beren esanetan, baina "laguntzaren truke konpromisoa" eskatzen diete onuradunei. "Hezkuntzan eta formazioan indar berezia" jartzen ari dira, batik bat kanpotik datozenak hizkuntzak edo bestelako gaiekin lotutako ikasketak egitera bideratzeko egiten duten ahalegina azalduz.

Egiten duten gizarte lanak duen balioa mahai gainean jarri nahi izan dute Azkoitiko Caritasekoek, baina horren bestaldea ezkutatu gabe. "Guk lan hauek egin behar baditugu, horrek esan nahi du beste batzuk ez direla egiten ari", zioen Azurmendik, "sarri" erakunde publikoen "adabakiak" direla esanda.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide