Ez da enpresarik aurkeztu Floreagan bigarren igogailua eraikitzeko lanen lehiaketara

Andoni Elduaien 2022ko eka. 16a, 10:20
Bigarren igogailua eraikitzea aurreikusita duten gunea.

Lehiaketa hutsik geratu izana materialen prezio igoeraren ondorioa dela adierazi du udalak; ezinbestean, bigarren igogailua eraikitzeko lanak atzeratu egingo dira. Erakundeak aurrekontuaren prezioak berrikusiko ditu, eta diru-partida egokitutakoan, lanak berriz lizitaziora aterako dituela jakinarazi du.

Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, ez da enpresarik aurkeztu Floreaga auzoko igogailuen proiektuaren bigarren faseko exekuzio lanen lizitaziora. Erakundearen arabera "materialen garestitzeak" eragin du hori, eta ondorioz lanak atzeratu beharko dituzte. Udalak 805.641,03 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin atera zituen lanak lehiaketara, eta adierazi du orain prezioak "berrikusi" egingo dituztela.

Maiatzaren 12an atera zituen erakundeak bigarren faseko exekuzio lanak lizitazio prozesura. Aldiz, ekainaren 7an amaitu zen lanak aurkezteko epea. "Ez da eskaintza bakar bat ere sartu, eta beraz, udalak aurrekontua eguneratu beharko du, bideratutako diru-partida egokitu, eta lanak berriro lizitaziora atera", azaldu du ohar bidez. Dena den, udalak nabarmendu du konpromiso "irmoa" duela Floreagako irisgarritasuna hobetzeko.

Lanen xehetasunak

Bigarren faseko lanetan igogailu bat jartzea, hari bi pasabide lotzea eta gunea urbanizatzeko lanak egitea aurreikusten du udalak. Hain zuzen ere, Aizkibel eta Zuazola kaleen arteko bidegurutzean kokatuko lukete igogailua, eta hari lotutako bi pasabideek Zuazola plazara eta Floreaga Berri plazara eramango lukete. Igogailuaren lehen solairuak Zuazola plazara eramango luke, eta bigarrenak Floreaga Berri plazara. Zehazki, errepidearen gainetik igaroko litzateke bigarren plaza horretarako pasabidea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide