Iker Epelde: "Estua izango da ostiraleko finala"

Andoni Elduaien 2022ko eka. 15a, 14:30
Astigarragaren aurka finalerdia jokatu zuten lau palistak. (Onintza Lete)

Gomazko palista azkoitiarrek Gurea pilotalekuan jokatuko dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finala ostiralean, 21:30ean. Iaz bezala, aurten ere Donostia izango dute aurkari horiek txapela lortzeko lehian. Finalean "lehia estua" espero dutela azaldu du Iker Epelde taldekideak.

Azkoitiko gomazko palistek etzi, ostirala, Gipuzkoako IV. Herriarteko Gomazko Paleta Txapelketaren finala jokatuko dute Azkoitiko Gurea pilotalekuan. 21:30ean hasiko da lehia, eta iaz bezala, Donostia izango dute aurkari azkoitiarrek. Kantxa osoan buruz buru, binaka eta zazpi koadroren barruan aritu beharko dute, eta hiru partidetatik bi irabazten dituen taldeak jantziko du 2022. urteko txapela.

Zarautz kanporatu zuen Azkoitiak final-zortzirenetan (5 eta 1). Soraluzeren aurkakoa ere gainditu zuen taldeak final-laurdenetan (6 eta 0), aurkariak lesioengatik kanporaketa jokatzeari uko egin ondoren. Finalerdietan, berriz, Astigarraga hartu zuten mendean (4 eta 2). Finalerako bidea luzea izan den arren, Iker Epelde (Azkoitia, 1987) Azkoitiko taldekideak adierazi du "espero" zutela azkeneraino iristea. "Taldea mantendu ez ezik, hobetu ere egin da aurten. Bi lagun berri batu dira taldera, Oier Beitia eta Oier Epelde, eta horiek taldeari beste bultzada bat eman diote".

Epeldek nabarmendu du, gainera, Gipuzkoa mailan Azkoitia "talde erreferentea" dela gomazko paletan; izan ere, orain arte jokatu diren hiru Herriarteko txapelketetatik bi irabazi ditu Azkoitiko taldeak. "Herriarteko txapelketa polita da jokatzeko. Nahiz eta ez den gure zirkuituan garrantzitsuena edo izen handiena duen txapelketa, herria ordezkatzen duen klubean jokatzea oso erakargarria da". Iaz bezala, ostiralean ere Donostia izango dute aurkari. Lehia "gogorra" izango dela aurreikusi du palistak. "Gomazko paletako Herriartekoan partidak ez dira adinaren arabera jokatzen; hiru jokamolde desberdin daude jokatzeko, eta horregatik, talde gehienak mantendu egiten dira". Epelderen arabera, Donostiak iazko "antzerako" taldea du. "Iaz, ozta-ozta irabazi nuen buruz-burukoa, galdu egin genuen binakakoa eta irabazi zazpi koadroren barrukoa. Estua izango da ostiraleko finala".

Zozketa bidez erabaki dute gomazko paletako finala Azkoitian izatea. Finala Zarautzen jokatzeko saiakerak egin dituzte Azkoitiko eta Donostiako ordezkariek, baina hango frontoia erabilgarri ez zegoenez eta finala hartuko zuen beste herririk aurkeztu ez denez, zozketa egin behar izan dute. Epeldek pozez hartu du berria, uste baitu etxean aritzea azkoitiarren "mesederako" izango dela. "Guretzat sekulako albistea izan da finala etxean jokatuko dugula jakitea. Etxeko frontoian oso ondo sentitzen gara, beti hor entrenatzen baitugu. Etxetik kanpo jokatu ahal izateko, egokitu egin behar izaten da pilotalekura; aldiz, Gurea pilotaleku noblea eta ederra da. Etxean jokatzea interesgarria da guretzat, gertukoen babesa jasotzeak indar handia ematen baitigu".

Herritar orok izango du finalera joateko aukera, sarrera doan izango baita. Epeldek Gurea pilotalekura finala ikustera eta herriko palistak animatzera joateko deia egin die herritarrei. "Badakigu gomazko paletak ez duela eskuzkoak bezainbeste erakartzen pilotazalea, baina Azkoitian, oro har, asko jokatzen da palaz. Gainera, gomazko paletako jokamoldeak gustagarriak suertatu daitezke jendearentzat, partidak banakakoak zein binakakoak baitira". Herriko palistak prest dira hirugarrenez jarraian Gipuzkoako finala jokatzeko, baina oraingoan lorpena herritarren aurrean lortzen ahaleginduko dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide