400 gaztetxo inguruk parte hartuko dute ISBren Saskibaloi Topaketan

Nerea Uranga 2022ko eka. 14a, 10:43
Zapatuan eta igandean jokatuko dituzte partidak Azpeitian.

Azpeitian asteburuan jokatuko dute saskibaloiko txapelketa benjamin aurrekoetatik kimuen lehenengo mailara arteko gaztetxoek. Gipuzkoako eta Bizkaiko 33 talde ariko dira.

Beste ekintza asko bezalaxe, pandemiak eragindako azken bi urteetan ezin izan du Iraurgi saskibaloi klubak uda aurreko gaztetxoen Saskibaloi Topaketa antolatu. Aurten bai, ordea. Datorren zapatuan eta igandean jokatuko dute Azpeitiko Urola Ikastolako, Perdillegiko eta kiroldegiko kantxetan. Zapatuan 09:00etatik 14:00etara bitartean izango dituzte partidak. Igandean, berriz, goiz eta arratsalde egingo dituzte topaketak: 09:00etatik 13:00etara ariko dira goizean. Gero, Sanagustin kulturgunean bazkalduko dute parte hartzaile guztiek, bi txandatan banatuta, eta arratsaldean, 15:00etatik aurrera jarraituko dute partidekin.

Benjamin aurrekoetatik kimuen lehenengo mailara arteko (2013. urtean jaiotakoetatik 2011. urtera artekoak) neska-mutilek parte hartuko dute asteburuko topaketan. Denera, 400 pertsona inguru ariko dira, 33 taldetan banatuta. Iraurgiko saskibaloi eskolako hamalau taldek jokatuko dute. ISBz gainera, honako saskibaloi klubetako taldeak izango dira topaketan: Ordizia, Tabirako, La Salle Bilbo, BKL Beasain, DBasket Deba eta Donostiako Easo.

Data atzeratuta

Aurreko urteetan, maiatzean jokatu izan dute Saskibaloi Topaketa, baina aurten, datak ekainera atzeratu behar izan dituzte ISBkoek. Hala azaldu du Ibon Guridi saskibaloi eskolako entrenatzaileak: "Beste herri batzuetako topaketekin bat ez egitearren, ekainean egitea erabaki dugu Saskibaloi Topaketa. Agian, ez da datarik egokiena; izan ere, saskibaloi klub batzuetan denboraldia bukatuta dute dagoeneko. Gure kasuan, Iraurgiko federatutako talde guztiek amaituta dugu sasoia".

Saskibaloi eskoletan dabiltzan gaztetxoei beren adineko beste talde batzuekin jokatzeko eta ondo pasatzeko aukera ematearren antolatzen dituzte topaketak Guridik azaldu duenez: "Txapelketa formatua ematen diogu Saskibaloi Topaketari, baina lehia albo batera uzten dugu. Hain zuzen, parte hartuko duten talde guztiek partida kopuru berdina jokatzeko aukera izango dute. Helburuak dira gaztetxoek jokatzea eta gozatzea".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide