Jaurlaritzak enpresa txiki eta ertainentzako aurtengo laguntza plana aurkeztu die Urola Erdiko enpresei

Nerea Uranga 2022ko eka. 9a, 12:22
Jaurlaritzaren enpresa txiki eta ertainentzako laguntza planaren aurkezpena, Azpeitiko Basazabal jauregian. (Argazkia: Eusko Jaurlaritza)

Eusko Jaurlaritzak Iraurgi Berritzenekin elkarlanean antolatutako informazio jardunaldia gaur goizean egin du Azpeitiko Basazabal jauregian. Bailarako hogei enpresa inguruk parte hartu dute saioan.

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak 2022rako enpresa txiki eta ertainentzako prestatutako laguntza plana aurkeztu du gaur goizean, Azpeitiko Basazabal jauregian. Informazio saio hori Iraurgi Berritzenekin elkarlanean antolatutakoa izan da, eta Urola Erdiko hogei enpresa inguruk parte hartu dute. Jardunaldian hitza hartu dutenak honakoak izan dira: Aitor Urzelai SPRI taldeko zuzendari nagusia, Leyre Madariaga Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendaria, Ana Camacho Industriaren eta Energiaren Trantsizioaren zuzendaria, Maite Subinas Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren arduraduna, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundearen zuzendaria, Alex Boto Ihobeko zuzendaria, Raul Perez Elikagaien Kalitate Industriako zuzendaria eta Nagore Alkorta Iraurgi Berritzenen presidentea.

Jaurlaritzak azaldu duenez, aurtengo laguntza plan horrek 74 programa jasotzen ditu, eta 600 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du. Laguntza hauek ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko Jaurlaritzaren "lehentasunezko helburua" betetzen lagunduko dutela adierazi dute gaurko saioan: "Era berean, lagungarriak izango dira Euskadiko enpresa-sarearen garapen inklusiborako eta jasangarrirako ere". Laguntza horien %70 baino gehiago I+G+b programetara eta trantsizio energetikora bideratuko dituzte.

Laguntza programen aurkezpenaren ondoren, jardunaldian parte hartu duten enpresetako ordezkariek networkinga egiteko aukeratu izan dute, eta bukatzeko, Azkoitiko Xubi Engranajes enpresara bisita instituzionala egin dute Eusko Jaurlaritzako eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide