Bizkargi musika eta dantza eskolak ikasturte amaierako jaialdia egingo du ostiralean, Baztartxon

Andoni Elduaien 2022ko eka. 8a, 09:06
2019an Baztartxon egindako jaialdiaren irudia. (Artxiboa)

19:00etan hasiko dute jaialdia, eta hamar talde igoko dira Baztartxoko agertokira. Musika tresnen taldeak, orkestra, abesbatza eta dantza taldeak eskainiko dute urte bukaerako jaialdia.

Ostiralean, ekainak 10, Bizkargi musika eta dantza eskolako ikasleek ikasturte amaierako jaialdia eskainiko dute Baztartxo antzokian. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta adin guztietako ikasleek parte hartuko dute saioan, hala nola haurrek, gurasoek eta helduek. Musikariak, orkestra, abesbatza, euskal musika tresnen taldea, rock taldea eta dantzariak arituko dira, besteak beste, jaialdian. Antzokiaren edukierak uzten duen neurrian, herritar guztiek izango dute jaialdiaz gozatzeko aukera.

Musika tailerrean aritzen diren 3 eta 4 urteko haurren emanaldiarekin hasiko da jaialdia, eta horiek Pizzicato abestia joko dute. Horien ondoren igoko dira agertoki gainera musika tailerrean aritzen diren 5 eta 6 urteko haurrak Danimarkako dantza herrikoia abestia jotzera. Eguneko hirugarren taldea Musika Hezkuntza Goiztiarrean aritu direnek osatuko dute, eta Xaguaren eta katuaren dantza abestia eskainiko dute.

Segidan, 4, 5 eta 6 urteko dantzariak izango dira protagonistak Baztartxon, eta horiek Buhamiek badakite dantza egingo dute. Nagusien musika tailerrekoek, berriz, Azkoitiko Bulego musika taldearen Alboan abestia eskainiko dute. Bizkargi abesbatzak doinu afrikarrak eramango ditu Baztartxora, Dubula abestia eskainiko baitute jendaurrean. Dantzari nagusiek, ostera, Scottish dantza dantzatuko dute.

Eguneko zortzigarren taldea trikiti eta pandero jotzaileek osatuko dute, eta horiek Agurra baltsa eta Plaza gizona polka joko dituzte. Ondoren, gitarra eta saxofoi taldea igoko da agertokira, eta To be with you eta I love rock and roll abestiak eskainiko dituzte. Gazteen orkestra izango da eguneko azken taldea, eta horiek The syncopated clock, The flintstones eta Do, Re, Mi abestiak joko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide