Oinezkoek eta txirrindulariek debekatuta izango dute aurrerantzean Azkarate GI-2634 errepidetik igarotzea

Andoni Elduaien 2022ko eka. 8a, 08:45
Oinezkoen eta txirrindularien debekua zehazten duen seinalea, Olasoko bidegurutze parean. (Andoni Elduaien)

Mendatea zeharkatzeko, Aldundiak GI-2634 errepidearen paralelo doazen GI-3210 eta GI-3321 errepideak erabiltzeko aholkua egin die oinezkoei eta txirrindulariei. Era berean, Azkarate mendatearen bi noranzkoetako jaitsieretan marra jarraia margotu dute, ibilgailuek elkar aurreratzea debekatuz.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren Sailak jakinarazi duenez, aurrerantzean debekatuta izango dute txirrindulariek eta oinezkoek Azkarateko mendatea GI-2634 errepidetik zeharkatzea. Hain zuzen, Olasoko bidegurutzetik Elgoibarko autobide sarrerako biribilgunearen pareraino izango dute horiek debektatuta errepidea erabiltzea.

Bide Azpiegituren Sailak Maxixatzen.eus-i jakinarazitakoaren arabera, GI-2634 errepideko abiadura "handia" da, eta horregatik, Aldundiak oinezkoei eta txirrindulariei errepide hori erabiltzea debekatu die, "bide segurtasuna hobetzeko" eta "arriskuak gutxitzeko". Txirrindularientzako zein oinezkoentzako GI-3210 eta GI-3321 errepideetako "alternatiba bideragarria" dela esan du, eta horiek erabiltzeko gomendioa egin du.

Ezkerrean, oinezkoen eta txirrindularien debekua zehazten duen seinalea. (Aldundia)

Arau berriei lotuta, bestalde, inforadar bat ere kokatu zuen Aldundiak iazko azaroan, Olasoko bidegurutzea baino zerbait lehenago. Azkarateko mendatetik Azkoitirako noranzkoan doazen ibilgailuen "abiadura neurtzeko" eta horiei "abisatzeko" helburuarekin kokatu zuten gailua errepide bazterrean. "Erreklamazio bat jaso genuen, ibilgailuak puntu horretatik abiadura oso handian igarotzen zirela eta, arriskua zegoela esanez. Ibilgailuen abiadura gutxitzeko asmoz jarri zen inforadarra", adierazi dute.

Olasoko bidegurutzea baino lehen dagoen inforadarra. (Aldundia)

Marra jarraia errepidean

Azken bost urteetan, Aldundiko Bide Azpiegituren Sailak errepidea birgaitzeko lanak egin ditu mendatean. Lan horiek amaituta, joan den astean seinaleztapen eta gomendio zein arau berriak ezarri zituen errepidean. Espainiako Garraio eta Mugikortasun Ministerioak 2+1 erreiko errepideen diseinurako gomendioen agindua onartu zuen iaz. Agindu horri jarraituz, eta zehazki, "seinaleztapen horizontalaren inguruan adierazten duen agindua betetzeko", Azkarateko mendatearen bi noranzkoetako jaitsieretan ibilgailuak aurreratzeko debekua jarri du, errepidearen ardatzean marra jarrai bikoitza margotuta.

Azkoitirako jaitsieran aurreratzea debekatzen duen marra jarrai bikoitza margotu dute. (Andoni Elduaien)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide