Elizondo eta Doneztebe bisitatuko dituzte Plaza Ondo elkarteko kideek hilaren 23an

Andoni Elduaien 2022ko eka. 1a, 12:30
Elizondo bisitatuko dute jubilatuek. (Sensacion Rural)

Irteeran parte hartu ahal izateko izen-ematea datorren astelehenean zabalduko du jubilatuen elkarteak. Ohi bezala, elkartearen bulegoan eman beharko da izena astelehenetik ostiralera bitartean.

Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen elkarteak irteera antolatu du ekainaren 23rako, Elizondora eta Doneztebera (Nafarroa). Egun horretako 08:30ean autobusez abiatuko dira jubilatuak, eta bi herriak ezagutuko dituzte. Hamarretakoa egingo dute lehenik, eta otordu hori egiteko parte hartzaile bakoitzak eraman beharko du bere ogitartekoa. Aldiz, edaria jubilatuen elkarteak ordainduko du.

Donezteben egingo dute bazkaria, honako menu honekin: entsalada nahasia, paella, baba gorriak, bakailaoa Bizkaia erara, zatitutako txuleta, flana izozkiarekin eta kafea. Plaza Ondo elkarteko 40 euroko prezioa finkatu du irteerarako.

Datorren astelehenean, ekainak 6, zabalduko dute irteeran parte hartu ahal izateko izen-emate epea. Elkarteak Kultur Etxean duen bulegoan eman beharko da izena astelehenetik ostiralera bitartean, 10:00etatik 12:00etara. Izena emateko azken eguna, aldiz, ekainaren 17a izango da.

Cadizerako txartelak eskuragarri

Bestalde, irailean Cadizera egingo duten bidaiarako txartelak banatzen hasi dira Plaza Ondo elkarteko kideak. Arduradunen arabera, bidaiarako ordainketa bulegoan edo Laboral Kutxan egin daiteke —ES27 3035 0031 78 0310022372 kontu korrontean—. Ordainketa bankuaren bidez egiten dutenek, Cadiz kontzeptua zehaztu beharko dute, baita ordainketa egiten duen pertsonaren izen-abizenak ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide