Nolako jolastokia nahiko luketen azaltzen izan dira Xabier Munibeko ikasleak udaletxean

Anartz Izagirre 2022ko mai. 31a, 14:17
Xabier Munibe Ikastolako ikasleak gaur, asteartea, udaletxean. (Azkoitiko Udala)

Ikasturtezka eta biko taldeetan banatuta, Xabier Munibe Ikastolako ikasleak jolastokiaren eraldaketa proiektua azaltzen izan dira gaur, asteartea, udaletxean. Udalak "laguntzeko konpromiso osoa" duela azalerazi du bileran.

Etorkizunean nolako jolastokia nahiko luketen azaltzen izan dira udaletxean gaur, asteartea, Xabier Munibe Ikastolako hainbat ikasle. Ikasturtezka eta biko taldeetan banatuta egin dituzte proposamenak ikasleek, eta horiek entzuten izan dira Javier Zubizarreta alkatea, Ana Azkoitia alkateordea eta Marijose Arregi Hezkuntza zinegotzia. Ikasleek dokumentazioa eta beraiek eskuz egindako jolastokiaren maketa aurkeztu dizkiete udal ordezkariei, eta proiektuaren xehetasunak ere azaldu dituzte.

Udalak "laguntzeko konpromiso osoa" duela helarazi die Xabier Munibe Ikastolako kideei, eta haurren desioak betetzeko modurik ba al dagoen aztertzeko, "ikastolarekin elkarlanean jarraitzeko borondatea" azaldu dute udal ordezkariek bileran.

(Argazkia: Azkoitiko Udala)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide