Gutuna

Azkoitiko San Jose egoitzako eskubide urraketen beste kapitulu bat

Nahira Alberdi Alberdi 2022ko eka. 1a, 09:00
Azkoitiko San Jose egoitza.

San Jose egoitzan bederatzi urte eta erdian lanean aritu den Nahira Alberdik gutuna bidali du Maxixatzenen erredakziora, San Jose egoitzako langileen "lan baldintza larriak" salatzeko. Hark adierazi duenez, amatasun-bajan egon da iazko urriaz geroztik, eta orain ez diote kontraturik berritu.

Argi dago Azkoitiko San Jose egoitza zeresan handia ari dela ematen azken urte hauetan, eta ez hain zuzen ere bere funtzionamendu eta zerbitzu txukunagatik. Alderantziz, bertako egoiliar, horien senide eta egoitzan lanean aritzen diren langileen kexengatik. Hala ere, deigarriena da egoera onartezin horri benetako irtenbidea aurkitzeko Azkoitiko Udal Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duten utzikeria eta interes eza.

Apirilean, San Jose egoitzako arduradunek hartutako erabaki batzuk, berriro ere, zer esan handia eman dute herrian, horien eraginez bertako bost langile gutxienez kalean gelditu baigara. Horren ondorioz, kalean bolo-bolo dabiltza gai horri buruzko zenbait kontu eta bertsio oker. Neurri horiek direla-eta, ni, lehen pertsonan, kaltetua izan naizenez, idatzi honen bitartez azkoitiarroi adierazpen batzuk egitea pentsatu dut, jakin dezazuen benetan zer gertatu den nire kasuan. Gaiari buruz dabiltzan bertsio interesatuak eta erdi-egiak behingoz alde batera utzi, eta, bide batez, egoitzako langileen lan baldintza larriak salatzeko. 

San Jose egoitzan lanean aritu naizen bederatzi urte eta erdietan, hamasei kontratu egin dizkidate niri, iazko urrian amatasun-baja hartu nuen arte, horietako bat hiru egunekoa zelarik. Amatasun-bajan nengoen bitartean, abenduaren 31n, momentu hartan nuen urtebeteko kontratua bukatu eta kalean geratu nintzen. Hori zela eta, zuzendariarekin harremanetan jarri nintzen beraien asmoak zein ziren jakiteko. Erantzuna honakoa izan zen: momentu horretan amatasun-bajan egonik, ezin zidatela kontratu bat egin, baina lasai egoteko, gero ere lan faltarik ez nuela izango eta. Urtarrilaren 18an, zuzendariarekin jarri nintzen harremanetan berriz. Arazo pertsonalak nituela eta, otsailaren 21ean amatasun-baja amaitzen zitzaidanez, segidan kontratua egin beharrean, kontratu berria egiteko apirilaren 1era arte itxaron zezan eskatu nion. Ez zidan inolako eragozpenik jarri, eta lasai egoteko esan zidan, nik eskatuta bezala egingo genuela eta. Izan ere, beti entzun izan dut egoitzako arduradunek berriro ere bertara lanera bueltatzeko ni gogoan izango nindutela. Hori horrela, ez nuen inolaz ere zalantzan jarri, nire baja amaitu ondoren, egoitzara itzuliko nintzela apirilaren hasieran nire lanarekin jarraitu ahal izateko. Bitarte horretan, martxoaren 16an, egoitzako zuzendaria nirekin jarri zen harremanetan, lanera itzultzeko nuen prestutasunaz galdetzeko, horrela bazen lan egutegia prestatzen hasiko zirela eta. Nire izena kontuan hartzeko erantzun nion, apirilaren 1ean lanean hasteko asmoa bainuen. Lanera itzultzeko eguna hurbiltzen ari zenez, eta ez zidatela deitzen ikusita, berriro berarekin harremanetan jarri nintzen martxoaren 28an; egutegiari buruzko informazioa jasotzeko asmoz, umearen zaintza antolatzeko horretan oinarritu beharra nuen. Oraingoan erantzuna bestelakoa izan zen: "Berri txarrak daude, eta momentuan ezin dizugu kontratu berririk egin" esan zidaten. Besterik gabe, ni harrituta geratu nintzen; izan ere, ez nuen inolaz ere horrelako erantzunik espero, eta are gutxiago berarekin hamabi egun lehenago izan nuen elkarrizketa eta gero. Dena den, kontu horiek telefonoz hitz egitekoak ez zirela eta, apirilaren 7an berarekin hitz egitera joateko esan zidan. Eman zidan azalpen bakarra honakoa izan zen: Lan Erreforma berria zela eta, beste langile batzuei kontratu mugagabea egitera derrigortuta zeuden, eta antza, niretzat lanik gabe geratu ziren. Aurreikusita zuten kupoa bete eta gero, enpresak kontratu mugagabe gehiago ez egitea erabaki zuen.

Eta hori nolatan? Ariko zarete galdetzen. Kontuan izan behar da, 2021eko Lan Erreformak, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta lan merkatuko premiazko neurri batzuk erregulatzeko, hainbat neurri jaso zituela. Horien artean, 2022ko martxoaren 30ean jarri zen martxan aldi baterakotasuneko kontratuekin bukatu eta behin-betiko kontratua egitera derrigortzen zuen neurria. Hitz gutxitan esanda, nire kasuan, amatasun-bajan nengoen bitartean enpresarekin nuen kontratua amaitu izana aprobetxatu dute kontratu mugagabe bat saihesteko. Horixe da emakumea izatearen beste pribilegio bat: lanean ari zaren bitartean, umea izateagatik ondoren lanik gabe geratzearen saria jasotzea. Gero, hori bezalako gertaeren erantzukizun zuzena duten erakundeetako politikari arduragabeek esango dute emakumeen berdintasunagatik eta eskubideengatik tinko eta atsedenik gabe ari direla lanean, eta bestalde, Pertsona helburu eslogana behin eta berriro errepikatuko dute. Benetan, ez duzue lotsa apurrik!

Azken aste hauetan hori guztia buruan bueltaka dudala, egoitza kudeatzen duen enpresari egingo nizkiokeen hainbat eta hainbat galderari ezin erantzunda nabil: hau al da hainbeste urtean hutsegiterik egin gabe bere bokaziozko lanean aritu den pertsona batek merezi duen ordaina? Zer axola dizue zuei azken bederatzi urte eta erdi hauetan lan baldintza kaskarrenetan egindako lan arduratsuak eta nekagarriak? Zer axola dizue zuei nik aurrerantzean nire behar ekonomikoei aurre egiteko horko soldatarekin kontatu izanak, eta are gehiago, jaioberriaren etorrerarekin? Nire kontratu mugagabea ekidinez aurreratuko dituzuen diru-sosak garrantzitsuagoak al dira zuentzat, nik nire esperientziarekin egoitzan egin dezakedan ekarpena baino? Zergatik jarri dituzue beti zuen negozioaren etekinak egoiliarren eta langileen bizi baldintzen aurretik? Azken finean, zer axola dizue tratu umiliagarria jasaten duten eta lanerako objektu soilak direla uste duzuen langileen bizitzek eta horien premiek? Eta amaitzeko, zer esanahi dute zuentzat duintasuna eta gizatasuna hitzek?

Bost urte dira Gipuzkoako adinekoen etxeetako lan gatazka hasi zela, eta hor dirau, oraindik ez baitzaio inolako irtenbiderik eman, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta patronalaren borondate falta tarteko. Horren ondorioz, Azkoitiko adinekoen egoitzako egoera ere jasanezina bihurtu da, eta hona hemen baieztapen hori argudiatzeko hainbat arrazoi: langile askok %60ko lan jarduna dute; urtebete osoan, erizain baten lanpostua bete gabe eduki dute, beste erizainek haren lana betetzeko ordu gehiago sartu behar izan dituztenean; gauero, bi langile egoten dira bakarrik, egoitzako hiru solairuetan sakabanatuta dauden 80 erabiltzaile inguru artatzeko; langile berri bat baino gehiagok eta lehendik lanean ari ziren beste batzuk uko egin diote lanari, lan baldintza horietan lan egiteko prest ez zeudelako; lanetik atera eta berriz hara sartzeko legez gutxienez hamabi ordu igaro behar badute ere, langile batzuk 22:00etan irten eta hurrengo eguneko 08:00etan sartzen dira; askotan falta izan da eguneroko lanetarako behar den ezinbesteko materiala; langile bakoitzari uniforme bakarra ematen diote urtean, batzuk beraien lan jardun motagatik gutxienez hiru behar dituztenean; ordutegiak jasangaitzak dira, eta abar.

Kontuan hartu behar da, zaintzen direnak zein zaintzaileak pertsonak direla. Azken horiek emozionalki ondo egon behar dute, lana modu egokian egin eta egoiliarrak duintasunez zaintzeko. Lan baldintza kaskarrek langileen abandonu sentsazioa ahalbidetzen dute, eta hori guztiz jasangaitza bilakatzen da. Gaur egun, jendeak ez du adineko egoitzetan lan egin nahi, eta horregatik, lan nekeza bihurtu da bertako ordezkapenak egiteko langileak topatzea. Langileei lanean eusteko arazoekin dabiltzan bitartean, lehen bertan jardundako esperientziadun langile batzuk kalean utzi gaituzte. Gure ordez, eskarmentu gutxiagoko langile batzuk hartu dituzte, eta horrek beste arazo bat dakar: langile berri horiei lehendik daudenek irakatsi behar diete, eta lehen langileak ez baziren iristen lanak behar bezala egitera, nola ailegatu behar dute orain egoiliarrak behar bezala artatzera? Bestalde, egoiliarrak ez dira eroso sentitzen langile aldaketa etengabeekin, beraientzat ere ez baita atsegina beti aurpegi desberdinak ikustea. Eguneroko elkarbizitza estu horren ondorioz, familia handi bat osatzea lortu dugu egoiliarrek eta langileok; inoiz ez da izaten erraza familia bat haustea.

San Jose egoitzako langileak bizitzen ari direna oso gogorra da, eta beraien lan baldintzek asko dute hobetzeko. Langile falta da bertako arazo ia guztien atzean dagoen arrazoi nagusia. Argi dagoen kontua da, gaur egun dagoen langile kopuruarekin ez dela bermatzen adineko pertsonen eskubideak eta beharrak asetzeko moduko kalitatezko zerbitzua. Zaintzaile eta zaindu beharreko pertsonen proportzioak garbi adierazten digu, zaintza pertsonalizatua egitea bideraezina egiten duen lan gainkarga dagoela; ezarritako ratioak ez datoz bat errealitatearekin. Egoitza kudeatzen duen enpresak beti esan du, gaur egun dagoen langile kopurua ratioen gainetik dagoela, eta pertsonal nahikoarekin kontatzen duela egoitzak. Baieztapen hori, ordea, faltsukeria handi bat da, ez baitu agerian uzten ratio hori 2007an ezarri zela. Gainera, orduko egoera eta oraingoa guztiz desberdinak dira, oraingo lan karga eta betebeharrak gutxienez bikoiztu egin baitira ordukoekin alderatuta.

Normala da egoiliarren senideak honekin guztiarekin gogaituta egotea, egoitzako zerbitzua batere merkea ez izateaz gain, eskainitako zerbitzu hori ez baita, ezta gutxiagorik ere, aurrez agintzen dieten neurrikoa. Bestalde, ez da ikusten Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azkoitiko Udal Gobernuaren aldetik kudeaketaren inolako jarraipen seriorik egiten denik. Arduradun nagusia lehena izan arren, Azkoitiko Udalak ere Gizarte Ongizate saila du bere arduradunarekin, eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta gizarte arazoei irtenbidea aurkitzen laguntzeko helburua dute; udaleko webgunean horrela dio behintzat. Kontua da, beti esaldi ponposoekin agertzen zaizkigula egoera honen konplize diren erakundeak, eta jadanik ez dutela tokirik betidanik entzuten ari garen deklarazio hutsalek: "Zuzendu beharreko hainbat arazo bideratuta edo bideratze bidean daude" edo "Gure aiton-amonen bizi kalitatea bermatzea da gure erronka, beharrezkoak diren zerbitzuak eskainiz eta zahartze aktiboa sustatuz", besteak beste. Benetan, hasi behingoz egiten dituzuen adierazpenak betetzen. Eskertuko dizuegu.

Horrela sintetizatu daiteke egoitzako gaur egungo zaintza eredua: etekinak azpikontratatutako enpresentzat dira, instituzioek beren ardurei ihes egiten die, eta galtzaileak egoiliarrak, langileak eta orokorrean gizarte osoa dira. Herritar guztiok gure bizitzako azken urteetan merezi dugun zaintza jaso ahal izateko eskubidea defendatu beharra daukagu, eta horretarako, ezinbestekoa dugu egoera hau modu kolektiboan hausnartzea, gu ere adinekoak izango baikara egunen batean. 

Laburbilduz, Azkoitiko San Jose egoitzan egoiliarrak duintasunez zainduak izateko eskubidea urratzen da behin eta berriz, eta arazo hori neurri handi batean konpontzeko, ezinbestekoa da bertako langileek lan baldintza egokiak izatea. Uste dut, badela ordua behingoz egoitzako langileen eskubideak eta lana aitortzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide