Maxixatzen euskara elkartea 25. urteurrena ari da ospatzen

Andoni Elduaien 2022ko mai. 28a, 14:57

Urteko batzar orokorra egin dute lehenik Elkargunean, eta gero, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin kantu kalejiran ibili dira. Orduotan, euskara elkarteko kideak eta ibilbidean zehar elkartearekin kolaboratu izan duten herritarrak bazkaria ari dira egiten.

Maxixatzen euskara elkartea 25. urteurrena ari da ospatzen gaur, larunbata. Maxixatzen Egunari ekiteko, goizean, batzar orokorra egin dute Elkarguneko Oteiza aretoan, eta han, besteak beste, zuzendaritzaren jarraipena, 2021eko memoria, aurtengo aurrekontuak eta 25. urteurrena izan dituzte hizpide. Era berean, batzarrean parte hartu duten bazkideen zalantzak argitu eta iritziak entzun dituzte.

12:30ean, kalera atera dira euskara elkarteko kideak, eta Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldea izan dute bidelagun. Kantu kalejira egin dute Kale Nagusian zehar haiekin batera, eta euskal kanta ezagunenak abestu dituzte inguruan elkartu diren herritarrekin batera. Kalejira amaituta, bazkaria ari dira egiten orain Abaraxka aterpetxean. Egungo zein duela urte batzuk elkartean parte hartu zuten kideak elkartu dira, baita modu batera edo bestera elkartearekin kolaboratu duten norbanakoak ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide