'Summer of Soul' dokumentalaren emanaldiak itxiko du aurtengo zineforum denboraldia

Anartz Izagirre 2022ko eka. 1a, 08:50
'Summer of Soul' dokumentalaren une bateko irudia.

Ekainaren 3an, ostirala, izango da saioa, 19:30ean hasita. Baztartxoko zine emanaldiak, aldiz, irailean itzuliko dira.

Uda heltzearekin batera, amaitzear da Zinetogramek antolatzen duen zineforum denboraldia. Etzi, ekainak 3, izango da uda sasoiaren aurretik eskainiko duten azken filma; Summer of Soul dokumentala izango da ikusgai. 19:30ean eskainiko dute ikus-entzunezkoa, eta herritar orori emanaldira joateko gonbidapena egin diete antolatzaileek.

Harlemen (New York, AEB) 1969. urtean izandako musika jaialdi garrantzitsu bati buruzko dokumentala da Summer of Soul, eta Zinetogrameko kideek adierazi dutenez, garai hartako "egoera soziopolitikoaren begirada" eskaintzen du ikus-entzunezkoak, eta "komunitate beltzaren berpiztea izan zenaren isla" da.

Bestalde, dagoeneko amaitu dira Baztartxoko ohiko zine emanaldiak, eta datorren irailean itzuliko dira horiek.

Hona hemen Summer of Soul dokumentalaren aurrerapen bideoa:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide