Jarri diote estalki berria Gaztaneneako parkeari

Gaztanenea parkea estali dute berriz ere. (Andoni Elduaien)

Sutearen aurretik zegoen bezala, olana jarri diote berriz ere parkeari. Udalak egindako aurreikuspenen arabera, parkeko lan guztiak amaitzeko beste bost aste inguru beharko dituzte.

Gaztaneneako parke estalia hasi da pixkanaka-pixkanaka urtarrilaren 2ko sutearen aurretik zuen itxura berreskuratzen. Azken egunetan gunea estaltzeko lanetan aritu dira parkean, eta dagoeneko ezarri diote parkeari olana. Ezbeharraren aurretik parkeak zuen material berdina erabili dute parkea estaltzeko.

Duela astebete ekin zieten lanei, eta pintaketa lanak egin zituzten lehendabizi. Parkean oraindik ere lan batzuk falta dira egiteko. Parkea lehengoratzeko lanen aurrekontua 129.702,08 eurokoa da, baina udalaren arabera, 104.000 euro jasoko ditu erakundeak aseguru-etxetik, gastuak ordaintzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide