Burruntxaliren lanekin inauguratu dute Portaleburu erakusketa aretoa

Andoni Elduaien 2022ko mai. 26a, 20:34

Gaur, osteguna, inauguratu dute Azkoitiko Portaleburu erakusketa areto berria. Herriko plazan dago kokatuta, eta Joxe Alberdi Burruntxali eskultorearen lanak jarri dituzte ikusgai estreinakoz; izan ere, maiatzaren 29an, igandean, mendeurrena beteko da eskultore azkoitiarra jaio zela, eta udalak haren "izena eta izana" ekarri nahi izan ditu gogora. Ekainaren 12ra arte egongo dira ikusgai Burruntxaliren lanak Portaleburun.

Inauguratu dute Portaleburu erakusketa areto berria. 19:00etan hasi dute ekitaldia, Sahatsa dantza taldeko kide baten aurreskuarekin. Segidan, Javier Zubizarreta alkateak eta Sonia Vazquez zinegotziak zinta moztu dute ate aurrean, eta Francesca Alberdi Joxe Alberdi Burruntxali eskultorea zenaren alabari eman diote; izan ere, Azkoitiko Udalak Burruntxaliren lanekin inauguratu nahi izan du erakusketa areto berria.

Maiatzaren 29an, igandean, mendeurrena beteko da eskultore azkoitiarra jaio zela, eta Zubizarreta alkateak nabarmendu du egun hori ezin dela "oharkabean" pasatu. "Nazioarte mailako artista baten lanekin ireki nahi izan ditugu areto honen ateak, artisten eta publikoaren topaleku eta artelanen erakustoki izateko. Gure ardura eta konpromisoa da herriko sortzaileak zein herriko artea zaintzea, babestea eta sustatzea. Herri txikia da gurea, baina beti izan dira sortzaileak, eta beti eduki izan du bere tokia sormenak. Artearen eta artisten papera aldarrikatu behar dugu, eta horretarako modurik onena da artelanak eskura ipintzea, arteari ateak irekitzea".

Kulturak "habiak" behar dituela esan du Zubizarretak, eta azpiegituren eta baliabideen beharra nabarmendu du. "Horien beharra dago, bestela ezinezkoa da gure sortzaileen lanari balioa ematea, eta horixe da, hain justu, guk nahi duguna eta areto berri honek lortzen lagunduko diguna. Erakusketa areto honek herriko sortzaileei espazio bat eskaintzen die, eta noski, kanpotik etorri nahi dutenek ere ateak zabalik izango dituzte. Publikoak, berriz, arteaz gozatzeko gune iraunkor bat izango du. Pozgarria da horrelako espazio bat irekitzea herri erdian. Espero dut herritarrek erakusketa areto honetan gozatzea eta ez izatea espazio arrotza, baizik eta bisitaria erraz sartzera gonbidatuko duen toki erakargarri bat".

Juan Bautista Mendizabal Turismo eta Ondare zinegotziak, bestalde, Portaleburu izenaren jatorria zein den azaldu du. Herriaren 700. urteurrena ate joka den honetan, udala historiaren errekuperaketa ari da egiten, eta erakusketa aretoari Portaleburu izena jarri izana horren erakusle dela nabarmendu du hark. Harresitutako barrutiaren sarrerako atariei egiten zien erreferentzia Erdi Aroan Portaleburuk: "Erdi Aroko Azkoitiko izena da Portaleburu. Herriko ateetatik kanpo gelditzen zen espazio handia zen Portaleburu, Bastarrika etxeari lotuta zegoena. Orduan, udaletxea ez zegoen egungo tokian; egun plaza den tokian espazio handi bat zegoen. Toki horretan elkartzen zen herria gauza garrantzitsuak egiteko, hala nola ordenantzak egiteko, batzarrak egiteko, festetarako eta merkataritzarako".

Mendizabalek kontatu du egungo Ikurrinaren plazaren eta udaletxearen artean Torreoia izeneko eraikin bat zegoela. "Herriko neurriak eraikin horretan egoten ziren, eta neurri haietan saltzen ziren gauzak Portaleburun. Egungo udaletxea eraikitzerakoan, gainera, Torreoia bota eta udaletxea eraiki zuten, egungo plaza nagusia sortzeraino". Era berean, Mendizabalek nabarmendu du Portaleburun ikus daitekeen erakusketa "oso gutxitan" ikusteko aukera egon dela herrian. "Herri honek beti eskertuko du Burruntxali gure artean edukitzea. Bide batez, lan hauek gurean egon daitezen ahalegina egin duten pertsonak eskertu nahi nituzke". Ekainaren 12ra arte egongo da ikusgai Burruntxaliren erakusketa Portaleburun. Mendizabalek aurreratu du, gainera, laster Burruntxaliri zuzendutako plaka bat jarriko duela udalak.

Francesca Alberdik, bere aldetik, adierazi du "ohorea" dela Portalebururen inaugurazio ekitaldian parte hartzea, eta "bihotzez eskertu" du lehen erakusketa bere aitaren lanekin egin izana. "Badakit nire gurasoak erakusketa areto honekin guztiz maiteminduta egongo liraketela".

Burruntxaliri buruz

Jose Manuel Alberdi Burruntxali 1922ko maiatzaren 29an jaio zen Azkoitian. Herrian ikasi zuen zura lantzen, Euskal Herriko dekorazio tradizionaletan lan eginez. 13 urte zituenean, Donostiara joan eta marrazketa nahiz eskultura ikasketak egin zituen Arte eta Lanbide Eskolan. 1937an, Gerra Zibilaren garaian, Ingalaterrara bidali zuten bere arrebekin batera; 4.000 ume errefuxiatuetako bat izan zen. Maidenheadeko (Ingalaterra) arte eskolan hasi zen gero, eta Bigarren Mundu Gerran hasi eta 1942. urtera arte Birminghameko (Ingalaterra) gerra fabriketan jardun zuen lanean.

Halaber, Juan Luis Vives fundazioak Ingeniaritza Zibilaren ikasketak egiteko beka bat eman zion, baina gerra amaitzean bertan behera utzi zituen ikasketa horiek, eskulturagintzan bete-betean aritu ahal izateko. Hala, esperientzia handia lortu zuen, zenbait eskultoreri laguntzen aritu baitzen. 1947an, berriz, eskulturako irakasle izendatu zuten St. Martins School of Art eskolan. Hamar urtera utzi zuen kargu hori, bere obran buru-belarri sartu baitzen orduan.

Material tradizional guztiak landu zituen Burruntxalik, eta aitzindaria izan zen Ingalaterran plastikoak erabiltzen; beira eta metala ere landu zituen, ordea. Ingalaterrako erakusketarik garrantzitsuenetan erakutsi izan dituzte bere lanak, baita hainbat sari irabazi ere. Beste hainbat herrialdetako erakusketetan ere parte hartu zuen, hala nola Basilean, Parisen, AEBetan, Bilbon eta Madrilen. Hain zuzen, Burruntxaliren lanak Ingalaterrako, Estatu Batuetako, Frantziako eta Espainiako bilduma partikularretan daude banatuta.

Azken urteotan eskultura handiak egiten jardun zuen, eta, zehazki, arlo horretan lortu zuen arrakastarik handiena eskultore azkoitiarrak. Lan ugari jarri zituen Ingalaterrako eta Espainiako eraikinetan nahiz plazetan. 1972. urtera arte bizi izan zen Londresen Cynthia Mary Appleyard bere emaztearekin. Gero, Deniara (Espainia) joan zen bizitzera eta han jarri zuen bere lantegia. Britainia Handiko Eskultoreen Errege Elkarteko kidea izan zen. Burruntxali 2008ko urtarrilean Denian hil zen, 85 urte zituela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide