Euskara ikasteko doakotasuna bermatuko du aurrerantzean udalak

Andoni Elduaien 2022ko mai. 27a, 09:11
Aho batez onartu zuten erabakia udal talde guztiek. (Andoni Elduaien)

Herenegun, asteazkena, maiatzeko ohiko udalbatzarra egin zuen udalak, eta alderdi guztiek aho batez erabaki zuten euskara ikasteko doakotasuna bermatzea. Udal Gobernuak eta EH Bilduk aurtengo urteko aurrekontuetarako egin zuten akordioaren barruan jaso zuten herrian aurrerantzean euskara ikastea doakoa izatea.

Azkoitian doakoa izango da aurrerantzean euskara ikastea. Hala erabaki zuen herenegun, asteazkena, Azkoitiko udalbatzarrak. Maiatzeko ohiko udalbatzarraren eguneko seigarren puntuan eztabaidatu zuten gaia, eta aho batez onartu zuten EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Azkoitia Bai herri plataformak. Horrela, Azkoitiko Udalak euskara ikasteko ematen dituen diru laguntzen oinarriak aldatuko ditu, euskara ikasteko doakotasuna bermatuz.

Udal Gobernuak eta EH Bilduk 2022. urteko aurrekontuen bueltan lortutako akordioaren barruan jaso zuten euskara ikastearen doakotasuna. Neurri berriarekin, matrikularen %80a aurreratuko diete hori ordaintzeko zailtasunak dituztenei. Langabetuei, erretiratuei, pentsiodunei, ikasleei, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) edota Gizarte Larrialdietarako Laguntza (GLL) jasotzen dutenei zuzenduko diete dirulaguntza. Eskatzaileak matrikularen %20a ordaindu beharko du hasiera batean, gainerako %80a udalak aurreratuko baitio. Hainbat baldintza bete ostean, ordea, eskatzaileak jarritako diru kopurua –matrikularen %20a– bueltan jasoko du ikasturtearen amaieran; horretarako, baina, %85eko asistentzia izan beharko du ikasgelan, eta ikastaroa gainditu beharko du. Udalak matrikula ordaintzeko erraztasunak ematerakoan A0A0, A1A0, A1A1 eta A2A1 mailako ikasleak lehenetsiko ditu. Honela arrazoitu zuen Marijose Arregi Euskara zinegotziak: "Maila hori atera nahi dutenek ez dute euskararen ezagupenik, eta helburua da herritar horiek euskara ulertzeko gaitasuna ahalik eta azkarren eskuratzea".

Oinarrien aldaketak euskara zerbitzuaren aurrekontuan "%25-30eko igoera" eragingo duela nabarmendu zuten. Halaber, mailaren bat gainditzen duenak edo titulu bat lortzen duen herritarrak aukera izango du Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari (HABE), dirulaguntza eskatzeko. Kasu horietan, udalak eskatzaileari emandako dirulaguntza HABEk ematen dionaren osagarria izango litzateke, eta horrela, eskatzaileak euskara doan ikasi ahalko luke. Gainerako kasuak, berriz, udalak "bere gain" hartuko ditu.

EH Bilduko Iraitz Otaño bozeramaileak nabarmendu zuen erabakiarekin udalak euskararen normaltasunerako "beste urrats bat" egin duela: "Kale erabilerako datuak mantendu egin dira azken urteetan. Lan handia dago egiteko eta jendea euskarara hurbildu behar dugu, Azkoitian erabilera eta ezagutza datu altuak izan ditzagun. Oraindik pausoak eman behar dira, baina hau urrats bat gehiago da bide horretan". Ana Azkoitia zinegotziak ere euskara ikastearen doakotasunaren garrantzia azpimarratu zuen: "Herri euskaldun batean bizi gara, arnasgunean. Ezin gara erlaxatu, eta noski, segituko dugu euskaragatik apustu egiten".

Gizarte eta ekonomia gaiak

Euskararen gaia jorratzeaz gain, udalbatzarrak gizarte eta ekonomia arloko puntuak ere eztabaidatu zituen. Lehenik eta behin, adineko pertsonentzako eguneko arreta zerbitzuari buruz aritu ziren. Iazko urrian jarri zuten martxan zerbitzua, eta hilabete batzuetako probaldia egin ondoren, udalak atzo zerbitzu horren ordenantza onartu zuen aho batez. Janire Igoa Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azpimarratu zuen, zerbitzuaren helburua dela hauskortasun egoeran dauden adineko pertsonen autonomiari eusten laguntzea. "Probaldiak lehen ondorioak plazaratu ditu, eta horiek oso onuragarriak dira, bereziki, adineko emakume azkoitiarrentzat. Taldea hamabost pertsonaz dago osatuta, eta herritar batzuk zain daude ikasturte berrian bigarren taldean sartzeko. Ordenantzak bigarren talde hori ere jasotzen du, baina ordenantza egitea eta onartzea ezinbestekoa da zerbitzuaren arautegia onartzeko", adierazi zuen PSE-EEko zinegotziak. Ordenantza egiterako, gainera, genero azterketa egin du udalak.

Gizarte arloko beste puntu bat ere eztabaidagai izan zuten; izan ere, San Jose egoitzaren lagapenaren kontuaz luze-zabal aritu ziren. 2015ean Aldundiarekin sinatutako hitzarmena bete ahal izateko "izapidea" zela jakinarazi zuen Ana Azkoitiak. Egoitzaren lagapenak azkoitiarrentzat ekarriko dituen onuren memoria bat aurkeztu behar zela esan zuen, ostera, Azkoitia Bai herri plataformako Jose Joakin Etxanizek, eta dokumentu horren "zain" egon direla jakinarazi zuen —irakurri hemen, Azkoitia Baik udalbatzarrean esandakoak—. "Egoitza Aldundiari utzi ondoren, ezinezkoa zen lagapenak azkoitiarrei onurak ekarriko dizkiela arrazoitzea, garbi ikusi baita ez duela inongo hobekuntzarik egin. Memoria horretan idatzi denak ez gaitu inondik inora konbentzitzen".

EH Bilduko Otañok erantzun zion lehenik hari, eta adierazi zuen "gai administratiboa" zela eztabaidatzen ari zirena, eta gaineratu zion Gipuzkoan zein Azkoitian "Aldundia ematen ari den kudeaketa negargarriarekin" kontuak ez zuela zerikusirik. "Kudeaketarekiko kritikoa da EH Bildu, baina lagapenari baiezkoa eman behar diogu gure arduragatik. Gainera, ez dakit juridikoki kontu honi ezezkoa ematerik izango genukeen ere, aurrez sinatutako hitzarmena baita". Bestalde, egoiliarren bizitza "ahalik eta onena" izan dadin, "intentzioarekin" ahalegintzen ari direla esan zuen Javier Zubizarreta alkateak: "Gauza asko daude zuzentzeko, beste bide batetik zuzendu daitezkeenak. Guk ahaleginetan jarraituko dugu; denbora izango da horren testigu, eta epe batera fruituak agertuko dira". 

Ekonomia arloan, kreditu aldaketa proposatu zuen Udal Gobernuak, eta gerakinetako 861.500 euro erabiliko ditu udalak hainbat jardueretarako. Diru kopuru horren zatirik mardulena Oinartxo industrialdean udalen beharretarako bi pabilioi erosteko erabiliko du. Hain zuzen, 726.500 euro ordainduko ditu udalak bi pabilioiengatik. Egun, Oinartxoko 108. pabilioia du alokatuta erakundeak, baina hori alokatzeari utzi eta 109 eta 110 zenbakidun pabilioiak erosiko ditu; gaur-gaurkoz alokairuan duen pabilioia azaroaren 22ra arte erabili ahalko du udalak. Halaber, brigadako langileen materiala Julio Urkixo etorbideko Lidl supermerkatu zaharraren atzeko biltegian gordetzen dute, eta eraikin hori botatzeko nahia dagoenez, hango materiala Oinartxoko biltegira bideratuko dute.

Udalekuak hizpide amaieran

Galdera-erreguen puntua zen eguneko azken gaia, eta EH Bilduk udalekuen inguruko galdera bat luzatu zion Udal Gobernuari. "Udalekuetan batzuk astebetean eta besteek bi astean parte hartzeko aukera izango dute, eta hori ez dator bat duela aste batzuk esandakoarekin. Orduan esan zen, haurrek bi edo hiru txandatan parte hartzeko aukera izango zutela. Eskaintza atera zenean, ordea, ikusi genuen adin tarte batzuentzat aste bat bakarrik eskaintzen zela, beste batzuek bi astetatik bat aukeratu behar zutela, eta besteek hiru astetik bat", adierazi zuen Otañok. Bide batez, "ehun gurasok baino gehiagok" udalekuei buruz udalari egindako eskaeraz ere galdetu zuen EH Bilduko zinegotziak, baita kontziliazioari buruz ere. "Kontua atera den bezala, galdetu nahi dugu herriko gurasoek izango duten arazo latzari irtenbide justua eman al zaion". Galderen tartea amaitu aurretik, zehaztasun bat ere egin nahi izan zuen Otañok. "Guraso askok jo dute gugana, eta esan digute askok ez dutela udalekuetan izenik eman. Zortea edukita ere, gehienez bi asteko txandak edukiko lituzkete, eta horrek ez die inongo irtenbiderik ematen".

Sonia Vazquez Kultura eta Gazteria zinegotziak erantzun zion Otañori. "Hasieran esan genuen saiatuko ginela haur guztiak hartzen, eta astebeteko txandak planteatu genituen. Gainera, izen-ematean galdetu genien aukera izanez gero beste txanda batean izena emateko asmorik izango al zuten edo ez. Badakigu ez dela asebetetzen lehen Uztaila Jolasean udalekuetan zegoen hilabete osoa, baina aurten egoera desberdina delako, ezin izan dugu ondo planteatu edo ezin izan dugu aukera eman hilabete osoa egiteko". Datorren urtera begira, ordea, "guztia aurreikusita" dute, eta "horrelako arazorik ez" da izango zinegotziaren arabera. Vazquezek nabarmendu zuen, gainera, "esfortzua" egin dutela, eta aurtengo udarako 450 plaza atera dituztela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide