Enrique Egino: "Ezer sortu aurretik zeinentzako den jakin behar da"

Nerea Uranga 2022ko eka. 14a, 09:48
Enrique Egino diseinatzailea eta sortzailea. (Argazkiak: Arnaitz Rubio)

30 urte zituenetik Azpeitian bizi da, baina gehien jaioterria eta azkoitiarrak maite ditu Enrique Eginok. Amaren aldetik Xardonekoa da; aitaren familia, berriz, Baldakoa du. 16 urte zituela hasi zen diseinatzaile, eta 69 urte izan arren, partzialki erretiroa hartuta, baina diseinu estudioan jarraitzen du lanean. "Bestela zer egin behar dut?", dio.

Bost hamarkadatik gora daramatza lanean Enrique Eginok (Azkoitia, 1953), 16 urterekin hasi zen Danonan, enpresako diseinatzailearen laguntzaile. Urte horietan guztietan, diseinatzailearen lana eta "jendearen mentalitatea eta filosofia" asko aldatu direla dio. Bere lan jarduera, ordea, ez du aldatu; eskuz egiten ditu oinarrizko diseinuak estudioan duen marrazketarako mahaian. Hala ere, teknologia ez du baztertuta, lanerako erreminta du hori ere. "Webgunea badut, baina sare sozialetan jartzen ditut argazkiak eta. Gero, bat edo bestea ikusi dutelako deitu egiten didate, eta halako bideetatik ere sortzen zaizkit lan eskaerak. Orain gutxi, nik margotutako koadro bat saldu dut Frantzian", kontatu du. Diseinatzailea eta margolaria da, sortzailea; orobat, "autodidakta" denean.

Azpeitan bizi eta lan egin arren, azkoitiar hizkera ez duzu galdu.

Ez, nik azkoitiarrez hitz egiten dut orain, eta bizi osoan; Azkoitia maite dut gehiena, azkoitiarra naizelako, azkoitiar peto-petoa. 16 urte nituenetik nabil Azpeitian; 1962. urtean Danonan hasi nintzen lanean, orduan Landeta auzoan zegoen lantegia. Kuadrilla ere Azpeitian izan dut, baina Azkoitian ere banituen eta baditut lagunak eta kuadrilla. Azkoitian daukat familia osoa, eta askotan joaten naiz Azkoitira.

Azkoititik zer da gehien gustatzen zaizuna?

Azkoitiarrak. Azpeitiarrekiko desberdinak gara zentzu askotan: artistikoki, pentsakera irekiagoa dugu... Azpeitiarrak baino gutxiago erreprimitu gara azkoitiarrak, zentzu guztietan. Hori bizi izan dut nik, behintzat.

 

"Askok diote zuria hotza dela. Baina niretzat zuria ez da kolorea, zuria espazio bat da"

 

Enrique Egino estudioan alfonbren diseinuekin eta laginekin.

Azkoitiko Eskola Profesionalean ikasi zenuen.

Mekanikako ikasketak egin nituen han. Garai hartan, Azkoitian Eskola Profesionala bakarrik zegoen, eta denok haraxe joaten ginen ikastera. Gure attitte zenak tailerra zeukan, eta hark hala esaten zidan: "Hik ez duk buzoarekin lan egingo". Hark antzeman zidan, bai horixe.

Ikasketak bukatu eta Danonara lanera. Nolatan?

Margotzen eta marrazten zekien bateren baten bila joan ziren Eskola Profesionalera Danonakoak. Nik txiki-txikitatik margotu eta marraztu izan dut, eta neure kasa dekorazioak-eta egiten nituen, gustukoa nuelako. Orduan, Danonan diseinatzailearen laguntzaile gisa hartu ninduten lanerako; garai hartako diseinatzaile bezala, orduko eran. Sasoi hartan, ekoizten ziren altzariak liburutegi handiak ziren, diseinutik gutxi egiten zen. Gero, Danona beste kooperatiba batzuekin (Gurola, Maiak, Lan Mobel –lehen Cooperativa Obrera–...) elkartu zen, Urkide taldea sortu zuten, eta altzarien diseinatzaile hasi nintzen lanean.

Zer ikasi zenuen Danonan lanean jardundako urteetan?

Nik dena ikasi nuen han, gauza guztiak egiten utzi zidaten Danonan, eta hori asko izan zen niretzako. Diseinu asko egiteaz gain, proiektuak garatzen, despiezeak egiten eta makinetan sartzeko despiezeak prestatzen ikasi nuen han. Diseinu bat egindakoan, inportanteena izaten da jakitea egin duzun hori produkzioan sar daitekeela. Izan ere, egin dezakezu ez dakit nolako diseinu bat, eta gero hori nola egiten den jakin ez.

Noiz hasi zinen diseinu estudioa muntatuta zeure kabuz lanean?

Hamasei urte egin nituen lanean Danonan. 32 urterekin, handik irten eta beste bi lagunekin, Mailu Azkuerekin eta Manolo Juaristirekin, Estudio D3 muntatu genuen. Azpeitian ipini genuen estudioa, Mailuren etxean. Gero, handik Pastorkua gainera joan ginen, Jose Artetxe kalera, eta handik Arana kaleko lehengo Estudio D3era. Azken urteetan, berriz, gaur egungo tokian [Arana kalean, baina beste lokal batean] ari naiz lanean.

 

"Betitik egin ditut koadroak nik, margotzea asko gustatu izan zait"

 

Enrique Egino bere estudioan.

Artista, diseinatzailea, sortzailea...

Nik denetik sortzen dut: eraikinen barruko eta kanpoko diseinuak egin izan ditut, alfonbrak, koadroak, altzari klasikoak, modernoak, haurrentzako altzariak, logelako altzariak, altzari azoketarako standak... Garai batean, altzarigintzako azoka handi bat egiten zen Valentzian [Herrialde Katalanak], eta urtero hilabete inguru pasatzen nuen han, Urkide taldearentzat diseinatutako standak muntatzen. Lan eta diru asko zegoen orduan, eta gutxi gorabehera nahi nuena egiten uzten zidaten, eta egiten nituen halako zorakeria batzuk; urte haietan lan egitea jolasean ibiltzea bezala zen niretzako.

Zuen kontura hasi zinetenean, halako diseinu garaikide batzuk egin zenituzten, ezta?

Garai hartan garaikideenak egin genituen! Azkoitian Dean taberna egin genuen, Azpeitian Fideo de Mileto taberna, Santi Lazkano kirol denda... Proiektu garrantzitsu asko egin genituen sasoi hartan. Donostian ere aritu nintzen lanean: Isabella pizzeria, Marcial ile apaindegia, Konplot diskoteka... Isabella itxita dago, baina beste guztiek irekita jarraitzen dute, oinarrian guk egindako diseinua mantenduz. Niretzako hori oinarrizkoa da. Niri jendea datorkit galdezka: "Orain zer eramaten da?". Niri gaur modan dagoena ez zait gustatzen, biharko pasatuta dagoelako, ez delako boladan egongo. Niri diseinuak pertsonalizatzea gustatzen zait, eta nik nire diseinuak nahiz proiektuak egiteko nire estiloa daukat.

Eta espazio bat edota altzari bat diseinatzeko orduan, polita eta praktikoa nola uztartzen dira?

Dena egin behar izaten da. Lehenik eta behin, jakin behar da zeinentzako sortu behar duzun proiektua, eta pertsona horiek ezagutu behar dituzu. Bat baldin bada pixka bat hippya, nik etxea gauza hippyekin ipiniko diot, baina gauza bakoitza bere lekuan jarrita, ez bat hemen eta bestea han. Halako eskema bat egin, eta halako etxe bat egokitu behar da, baina pixka bat minimalizatua. Askok esaten didate zuria hotza dela. Baina niretzat zuria ez da kolorea, niretzako zuria espazio bat da. Koloreak dira gorria, berdea... Beltza ere espazio bat da, baina espazio beltza pixka bat unagarria da. Lanerako lokal bat ematen didatenean, hori niretzako orri zuri bat bezala da. Orri zuri baten gainean edozer gauza marraztu dezaket, edozer gauza nabarmendu dezaket... Orri marroi batean marrazki bat eginez gero, irudi hori ez da hainbeste nabarmenduko.

Hotza ala beroa?

Hotza eta beroa, osagarriekin osatu behar dira bi kontzeptu horiek: alfonbra eder bat jarrita lurrean, sofa polit batekin eta, horma zabala badaukazu, koadro handi bat ipinita...

 

"Lan asko izateak ez nau estutzen, lana falta dudanean itotzen naiz ni"

 

Enrique Egino diseinatzailea eta sortzailea.

50 urte diseinatzaile lanean. Urte hauetan lana asko aldatu al da?

Dena aldatu da, lana egiteko modua eta dena. Orain, beste mundu batean bizi gara. Danonan hasi nintzen garai hartan, telebista-eta sukaldean egoten ziren, orduan saloirik edo egongelarik ez zuten etxeek. Saloiak jauregietan zeuden, baina gu bizi ginen etxe normaletan ez zegoen egongelarik. Gero, familiak txikiagotzen hasi ziren, eta etxeak funtzio desberdinetarako gelekin eraikitzen hasi ziren, eta gela bat egongela izateko jartzen zuten. Ondorioz, Danona eta hemengo altzari enpresak egongela horiek ekoizten eta muntatzen hasi ziren. Liburutegia, sofa, liburutegiaren barruan telebista, altzari bat; alegia, egongelari zegokion espazio horretarako altzariak sortzen hasi ziren. Booma izan zen hori. Ondoren, bereziki haurrentzako logeletarako altzariak nahiz bikoteentzako logeletarako altzariak egiten hasi ziren. Garai bateko etxeek logela asko edukitzen zituzten, etxe berean bizi izaten zirelako aiton-amonak, semealabak eta bilobak, eta horiek denak sartzeko etxe handi samar bat behar izaten zen. Gerora hasi ziren etxe txikiagoak eraikitzen, bikotea beren semealabekin bizitzen hasi zelako. Hori guztia aldatzen joan zen eran, barruko dekorazioa ere moldatzen joan zen. Horrez gainera, sasoi hartan jende guztiak egiten zuen lana, mila pezetarekin [6,01 euro] gauza asko egiten ziren, eta jendeak etxea pixka bat dotore jartzeko dirua aurreztuta edukitzen zuen. Beste filosofia edota pentsakera bat zuen jendeak, altzari ona erosten zuten, eta altzari onak dirua balio du. Orain, ordea, altzari onak edukitzeari ez dio garrantzirik ematen jende gazteak, nahiago dute altzari merkea jarri eta eskiatzera joan. Gure attitte zenak hala esan ohi zuen: "No dinero, no broma" [Dirurik ez, txantxartik ez].

Krisi ekonomikoak ere izan dira bitarte horretan.

Bai, krisi mortalak izan dira, bai horixe. Nik 3D estudioa ireki nuenean, altzari italiar garestiarekin hasi nintzen lanean, eta dirudun jendearentzako egin dut lan asko. Baina bestelako jendearentzako etxe asko ere ipini ditut, gauza ona denoi gustatzen zaigulako; poliki-poliki eta aurrezten joan ahala etxea atontzen joan diren bezeroak ere asko izan ditut. Gauza onak eta benetako diseinuak jarri dituzte horiek. Egun, diseinukoa dela edozer gauzari esaten baitzaio, eta edozeinek esaten du diseinatzailea edota dekoratzailea dela. Telebistan agertzen diren ez dakit zeinen alabak edota semeak dira arropa, bitxi edota eraikinen barruko diseinatzaileak; horiek ez dakite ezer egiten, eta denek diote diseinatzaileak direla, eta gustu ona daukatela. Zergatik? Gaur egun Interneten dago informazio guztia. Lehen katalogoak egoten ziren, eta orain katalogo horiek guztiak Interneten daude, eta etxe onetako altzarien kopiak Txinatik ekartzen dituzte, baina bestelako kalitate batekoak dira. Adibidez, besaulki batek, kanpotik polita izanda ere, barrutik izan behar du ona, eta horretarako ordaindu egin behar da. Altzari onek dirua balio dute.

Eraikinen barrualdeak diseinatzeaz gain, osagarriak ere sortzen dituzu zuk?

Bai, bai, koadroak, alfonbrak, altzariak... diseinatu eta sortzen ditut. Etxe batzuek altzari modularrak ekoizten dituzte, eta nik egiten dudana da modulu batzuk eskatu eta horiek eraldatzea. Adibidez, nik modulu zuri bat eskatzen dut, eta ate eta kaxoi banari urdin kolorea ematen diet, eta hankak altzairu herdogailtzezkoak egiten dizkiot. Altzari horrek bukaeran dituen forma eta kolorea nik nahi bezalakoak dira. Beraz, nik diseinatu al dut altzari hori? Bai, era horretako beste altzaririk ez dagoelako merkatuan. Lanparak ere sortzen ditut; tulipak Donostian egiten dizkidate, eta kasu batzuetan, lehengusuaren bidez Japoniatik ekarritako oihalak erabili izan ditut horiek egiteko. Alfonbren aurreneko bilduma orain dela hamarhamabi urte sortu nuen, Japan Collection izenekoa. Espazio bat diseinatzerakoan kolore jakin bateko alfonbraren bat behar badut, neuk sortzen dut, eta Portugalen egiten dizkidate gero.

Japoniara egindako bidaia batean ateratako argazkietan oinarrituta sortu zenuen alfonbren bilduma. Bidaiak al dituzu inspirazio iturri?

Inspirazioaren kontua jarduna da dena! Niri bidaiatzea asko gustatzen zait, hori egia da. Baina Japoniatik ni ez nintzen etorri alfonbren bilduma bat sortu behar nuela eta erabat inspiratuta. Nik argazki asko egiten ditut, egunero, eta bidaia guztietan ateratzen ditut argazkiak, milaka. Behin bat etorri zitzaidan kolore berdeak zituen alfonbra baten eske. Japonian egindako argazkiak hartu, eta haiek pixelatzea erabaki nuen, eta gero erretratu haien pixelatuetan fijatu nintzen. Estudioan alfonbretarako artilearen koloretako laginak ditut, eta horiek denak zenbakitu eta banakabanaka jarri nituen irudi bakoitzaren gainean. Era horretan sortu nuen Japoniako gaiekin koloretako alfonbren bilduma berezia.

Etxeak, bulegoak, enpresetako korridoreak, kanpoaldeak, ile-apaindegiak, tabernak... diseinatu izan dituzu. Gelditzen al zaizu zerbait egiteko?

Prostituzio etxe bat ere egin nuen nik; Azpeitiko Larre zena. Egia esanda, denetik egin dut nik.

Eta benetan harro zauden lanen bat?

Egingo dudan hurrengoa. Ez dakit zein izango den, baina beti hurrengoa.

Erreferenterik ba al duzu zure lanak egiteko orduan ala zeure erara aritzen zara?

Edozein erokeria bururatzen zait niri, eta otu ahala egin egiten ditut. Koadroak ere halaxe sortu ohi ditut.

Txiki-txikitatik margotu eta marraztu izan duzu.

Bai, bai. 1972. urtean egindako koadro klasiko bat neukan gurasoen etxean, Mozart eta beste neska bat ageri ziren. Koadro hori gurasoen etxeko sarrerako dekoraziorako margotu nuen nik. Betitik egin ditut koadroak nik, margotzea asko gustatu izan zait, olioan-eta asko pintatutakoa naiz.

Oraindik jarraitzen al duzu margotzen?

Olioarekin lan egiteko denbora asko behar da, eta orain, akrilikoan eta teknika errazagoetan margotzen dut, baina segitzen dut pintatzen.

Zu lanean hasi zinenean dena eskuz egin beharko zen, baina gaur egun teknologia lagun izango duzu lanerako.

Nik ez nekien ordenagailua pizten ere! Eta beste gauza askotan bezala, autodidakta izan naiz horretan ere. Dena den, nik nire saltsan segitzen dut, planoak eskuz eginez, lan hori egitea gustatzen zaidalako. Atsegin dut paper zuria hartu eta burutik irteten zaidana bertan irudikatzen joatea. Nahiago dut ordenagailuz konposizioak egitea baino, paper zuriaren gainean ikustarazten joatea. Ez naiz izan batere teknikoa, ez matematikoa, ez zenbakiekin jardutekoa, nirea sorkuntza izan da.

69 urte. Erretiroa hartzeko aukera, egun osoa zuretzako...

Zer egin behar dut bada egun osoan? Egun guztia pintatzen, alfonbren diseinuak egiten, altzariak sortzen... jardungo nuke, eta gero lekua falta horiek guztiak jartzeko. Horregatik jarraitzen dut estudioarekin lanean. Erretiro partziala hartuta nago, eta gorputzak laguntzen didan bitartean lanean jarraitzeko asmoa daukat. Nik, etxean... Goizero egiten dut kirola, eta zaintzen naiz. Baina, gero, zer egin behar dut? Ez naiz irakurzalea, gehiago naiz irudiaketa ikustekoa. Aldizkari ugari iritsi berri zaizkit, baina egun aldizkarietan dena berdina da, dena. Diseinurako nire kontzeptua ez dago horietan: traste pila bat, pladurra, beltzez margotuta, ardoen prezioak... Lan asko izateak ez nau estutzen, lana falta dudanean itotzen naiz ni, gaixotu egiten naiz. Esku artean proiektuak eta obrak ditudanean, harat eta honat nabilenean, zer adin daukadan konturatu ere egin gabe ibiltzen naiz, denbora pasatzen denik ere ohartu gabe. Ni nire lanean nabil gustura.

Zeinek esango zuen, 16 urterekin Danonan hasi eta...

Hain ondo biziko nintzela, gogoa ematen didan hori egiten...

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide