Maxixatzenen zozketak

Zozkatu ditu Maxixatzenek Neomak taldearen biharko kontzerturako sarrerak

Maxixatzen.eus 2022ko mai. 20a, 12:13
Neomak taldeko kideak. (Neomak)

Bihar, larunbata, 19:00etan hasiko da musika taldearen kontzertua Baztartxo antzokian, eta udalak emandako bi sarrera bikoitz zozkatu ditu Maxixatzenek bazkideen artean.

Neomak musika taldeak kontzertua eskainiko du bihar, larunbata, Baztartxo antzokian, 19:00etan hasita. Maxixatzenek Azkoitiko Udalak emandako bi sarrera bikoitz zozkatu ditu zozketan parte hartu duten bazkideen artean. Parte hartu dutenen artean zozketa egin ondoren, Nekane Letek eta Ainara Altunak irabazi dituzte kontzerturako bina sarrera.

Tradiziotik edaten duen proposamena da Neomakena, baina, era berean, irakurketa modernoa eta taularatze berritzailea duen ikuskizuna da. Musikan urte asko daramatzatze agertoki gainera igoko diren zazpi emakumeek; aurrez, esaterako, Kepa Junkerarekin jardun zuten Sorginak izenpean. Etenaldi baten ondoren jarri zuten martxan Neomak proiektua.

Sustraien haria eten gabe, baina eraberrituta, neomak hitzak dioen gisan, "ilargi berriak" eskainiko dituzte taldekideek. Ahotsen presentzia nabarmenaz eta beti aldean dituzten trikiti eta pandero ezberdinak uztartuz, folk estiloko bertsioak joko dituzte Azkoitian, baita taldearen abesti propioak ere. Ordubete inguruko emanaldia izango da biharkoa, eta eskuragarri daude oraindik biharko kontzerturako sarrerak; Entradium atarian eskuratu daitezke, 8 euroren truke.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide