Irati Aranbarri eta Joanes Orbea: "Azkoitian kontzientzia politikoa berreskuratzeko premia zegoen"

Ane Olaizola 2022ko mai. 20a, 09:33

Gazte problematikari erantzuna emateko, Azkoitiko Gazte Asanblada sortu zuten iaz, eta urteurrena ospatuko dute asteburuan. Taldeak, bere jarduna aurrera eramateko, espazio fisikoa lortzea du xede.  

Iaz sortu zenuten Azkoitiko Gazte Asanblada. Zerk bultzatuta?

Irati Aranbarri: Iazko otsailean publiko egin genuen gure burua, herrian izan zen jazarpen polizial bati erantzuteko. Aurretik, ordea, herriko hainbat gaztek asanblada bat sortzeko ideia genuen. Otsailaren amaieran, gure burua publiko egin eta gero, aurkezpenak egiten hasi ginen.

Joanes Orbea: Gure burua publiko egin aurretik ere antzematen genuen asanblada baten beharra zegoela. Hain justu, gazteen aurkako eraso polizialarekin egokitu zen hastapen hori, eta gertaera hori jazo zenean erabaki genuen aurrera egin behar genuela. Jazarpenaren biharamunean elkartu ginen, eta Gazte Asanbladaren izenean elkarretaratzea deitu genuen. Ondoren, batzar irekia deitu genuen, eta han elkartu ginen aurrenengoz guztiok. Taldeak orduan abiatu zuen formalki ibilbidea.

Zer beharrek bultzatuta hasi zineten taldea eratzen?

I.A.: Gizartea geroz eta despolitizatuago dago, eta beraz, antzematen genuen gazteak politizatzeko beharra zegoela. Gazteak antolatzen hastea premiazkotzat jotzen genuen, herrian ditugun problematikei erantzuteko.

J.O.: Ikusten genuen beste herri guztietan zeudela gazte asanbladak zein gaztetxeak, eta beraz, Azkoitian bazegoela hutsune bat arlo horretan. Esaterako, Azpeitian gazteek askoz ere kontzientzia politiko handiagoa dute. Azkoitian, berriz, urteen poderioz galdu egin da kontzientzia hori, eta berreskuratzeko beharra zegoela jabetu ginen.

Gazteen problematikei erantzuteko jaio zinetela esan duzue. Zein dira arazo horiek?

I.A.: Gure burua publiko egin genuenetik, arazo batzuen inguruan hausnartzen aritu gara; esaterako, jazarpen polizialari, esku hartze politikoari, gazte kriminalizazioari eta teknologien kontrolari buruzko filmak ikusi ditugu. Ordea, elkartzeko espazio fisikorik gabe geratu gara, eta gaur-gaurkoz, horri irtenbidea ematea da buruan duguna.

Non elkartzen zarete egun? Zein da zuen egoera?

J.O.: Ahal izanez gero, gazteen lokaletan elkartzen gara, baina badakigu ez dela irtenbide erreala. Izan ere, gazteen lokalek beste erabilera bat izan dezakete, eta gainera, haienak dira, ez gureak. Momentuz, leku propiorik ez dugu, eta esaterako, eguraldi ona egiten duenean plazan, Goiko Losan, Oteiza frontoietan... biltzen gara; hau da, kalean. Kalean hainbeste gazte ikusita, herritarrak gure egoera zein den jabetzea nahiko genuke.

Bilgune bat edukitzeak zer ahalbidetuko dio taldeari?

I.A.: Gurea herrian eta herritarrentzat egiten dugun jarduna da, eta leku bat edukitzeak taldeak antolatzeko duen premia aseko luke. Izan ere, leku horretan izango genuke gure jarduna aurrera eramateko aukera; besteak beste, kultur eskaintza bat prestatuko genuke eta, era berean, gune aske bat izango litzateke.

J.O.: Bilerak egiteko, kontzertuak antolatzeko... balioko luke leku horrek. Eta ez guretzat bakarrik; beste edozein erakunderentzat ere izango litzatekeen langileen kontrolpeko gunea izango litzateke.

Zenbat lagunek osatzen duzue taldea?

I.A.: Hogeita bost bat gazte gara, nahiz eta gero, asterokoan gutxiago, 15-20 bat, biltzen garen.

Nola antolatzen zarete?

J.O.: Talde osoa astero elkartzen da, eta aldi berean, azpitaldeetan banatuta gaude. Horiek beste bilera bat egiten dute, eta asanbladan biltzen garenean, denon ideiak partekatzen ditugu.

Urtebete pasatu da biltzen hasi zinetenetik. Jardunaren zer balorazio egiten duzue?

I.A.: Izan ditzakegu akatsak, baina ikasten goaz pixkanaka. Iaz sortu ginen, eta COVID-19aren ondorioz zailtasun asko izan ditugu. Esaterako, udalak nahiko oztopo jarri dizkigu kontzertuak antolatzerakoan, ordutegiei zein fidantzei dagokienez. Ikaspenak ateratzen ari gara, eta antolakuntza indartzen.

Egunotan ospatuko duzue urteurrena. Nolako egitaraua prestatu duzue?

J.O.: Hiru eguneko egitaraua aurkeztuko dugu, eta oinarrian arlo politikoari eragingo dion ekitaldia zein herriarekin sozializatzeko saioak egingo ditugu; gure taldea ikusarazi nahi dugu. Garagardo dastaketa, mural margoketa, umeentzako jolasak, bazkaria, disko jartzaileak... izango ditugu; finean, herrian giroa jarri nahi dugu. Batzar irekia egin genuen egunean bazkaria eta kontzertuak antolatu genituen, eta oso gustura geratu ginen jendearen erantzunarekin. Asteroko poteotik irten, eta herrian zerbait berria proposatu genuen; bide horretan, gure nahia ere bada gazteak pertsona berriekin eta beste modu batera sozializatzen hastea.

Aipatu duzue gazteak despolitizatuta sumatzen dituzuela. Horrek kezkatzen al zaituzte?

I.A.: Bai, kezkatzeko modukoa iruditzen zaigu. Herrian, orain, gu ari gara eskaintza hori ematen, baina orain arte, ez da egon halako eskaintza politikorik eta kulturalik. Beraz, gazteak despolitizatuta egotearen arrazoia ere izan daiteke hori.

Aurrera begira zer erronka dituzue?

J.O.: Espazio fisiko bat lortzea zein herrian legitimitatea izatea; indarra hartzea. Jende berria ezagutu, eta gazteak animatu nahi ditugu, poliki-poliki belaunaldi berriak has daitezen erreferentzia politikoak aurkitu eta horiek jarraitzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide