Azkoitiko Irakurle Taldea sortu dute, helduen artean irakurzaletasuna sustatzeko asmoz

Ane Olaizola 2022ko mai. 19a, 11:30
IƱigo Aranbarri izango da saioen gidaria.

Taldeak ekainean abiatuko du ibilbidea, eta Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarrak gidatuko ditu saioak. Hasiera batean, bi hilean behin elkartuko dira literatur zaleak.

Herritar talde batek, udalaren laguntzarekin, Azkoitiko Irakurle Taldea jarriko du martxan datorren ekainetik aurrera, helduen artean "irakurzaletasuna sustatzeko eta partekatzeko" asmoz. Hasiera batean, taldea bi hilean behin elkartuko da, eta Iñigo Aranbarri idazle azkoitiarra izango da saioen gidaria.

Aurreneko hitzordua zehaztu du taldeak: ekainaren 13an, astelehenez, 20:00etan elkartuko dira Kultur Etxeko 3. solairuko Areto txikian. Bertan, Uxua Apaolazak idatzitako Bihurguneko nasa ipuin-liburua izango dute hizketagai. Hurrengo hitzordua, berriz, uda ondoren izango dela aurreratu du taldeak; urria, hain zuzen ere. Dena den, hurrengo daten eta irakurgaien inguruko xehetasunak aurrerago emango dituztela adierazi dute.

Azkoitiko Irakurle Taldean parte hartzeko edota egitasmoaren inguruko informazio gehiago jasotzeko, azkoitikoirakurletaldea@gmail.com helbidera idatz dezakete herritarrek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide