Azkoitiko II. Moto Topaketa egingo dute larunbatean

Andoni Elduaien 2022ko mai. 19a, 11:00

09:30ean irekiko dute bazkarirako izen-ematea, eta itzulia egin ondoren, herrian elkartuko dira berriro bazkaria egiteko. Arratsaldean, trial erakustaldia izango da herriko plazan.

Datorren larunbatean, maiatzak 21, II. Moto Topaketa egingo dute Azkoitian. Bikers Urola Kosta taldeak antolatu du topaketa, Azkoitiko Udalaren laguntzarekin. Herrian egingo duten bigarren moto topaketa izango da zapatukoa; izan ere, 2019an egin zuten lehen topaketa, eta 100 motozaletik gora elkartu ziren orduan.

Larunbatean, 09:30ean, bazkarirako izen-ematea irekiko dute herriko plazan, eta han hasiko dira elkartzen topaketan parte hartuko duten motozaleak. Antolatzaileek nabarmendu dute, bazkarirako 90 lagunek eman ahalko dutela izena gehienez. 10:30ean abiatuko dira motoan itzulia egitera, eta 11:15ean Mandubian egingo dute geldialdia. Ordubete inguruko etena egingo dute han, eta berriro herrira itzuliko dira, 13:00etan txikiteoa egiteko. 14:30ean, berriz, bazkaria egingo dute Iturri jatetxean. 18:00etan, Miguel Motok trial erakustaldia eskainiko du herriko plazan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide