Jose Ignacio Aranaren oroimenezko plaka jarri dute, haren jaiotetxean

Ane Olaizola 2022ko mai. 18a, 15:03
Mendizabal eta Arregi, jarri berri duten plakaren azpian. (Azkoitiko Udala)

Udalak eta Euskaltzaindiak 1996an jarri zioten plaka olerkari, hizkuntzalari eta historialari azkoitiarrari, baina "desagertu" egin zen, eta berreskuratu egin du orain udalak. Ondare zinegotzi Juan Bautista Mendizabalek eta Euskara zinegotzi Marijose Arregik inauguratu dute plaka.

Azkoitiko Udalak Jose Ignacio Arana (Azkoitia, 1838 - Burgos, Espainia, 1896) olerkari, hizkuntzalari eta historialari azkoitiarraren oroimenezko plaka jarri du gaur, asteazkena, haren jaiotetxean, Santa Klara kalean dagoen Baroikua etxearen etxaurrean —35. zenbakia—.  Izan ere, han bizi izan zen Arana, 16 urterekin Jesusen Lagundian sartu zen bitartean.

Udalak bigarrenez jarri du haren omenezko plaka bere jaioterrian; izan ere, 1996an, Aranaren heriotzaren mendeurrenean, udalak zein Euskaltzaindiak omenaldia egin zioten hari, eta orduan jarri zuten jatorrizko plaka. Dena den, "denborarekin desagertu" egin zela adierazi du udalak, eta orain, berreskuratu nahi izan du. Hain zuzen ere, jatorrizko testu bera mantendu dute plaka berrirako: "Azkoitiko Baroiko seme, euskal idazle ospetsu. Jose Inazio Arana. Jesusen Lagundikoari, heriotzaren mendeurrenean. Bere herriak eta Euskaltzaindiak. 1996ko abenduaren 20an". Ondare zinegotzi Juan Bautista Mendizabalek eta Euskara zinegotzi Marijose Arregik inauguratu dute plaka.

Euskal-Erria aldizkarian kolaboratu zuen azkoitiarrak, eta hainbat olerki argitaratu zituen han. Horrez gain, Vidas de algunos claros varones guipuzcoanos de la Compañia de Jesus, San Ignacio Loyolacoaren bicitza daburtua euskaraz eta gaztelaniaz, Bai, pecatu da liberalqueriya edota Jesus-en-biotz sagraduco billera santu edo congregacioaren gañeco gauza cerbaitzuet dacaizquien liburuchoa liburuak argitaratu zituen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide