Gimnastika erritmikoko Euskadiko Federatuen Banakako Txapelketa jokatuko dute igandean Elkargunean

Anartz Izagirre eta Andoni Elduaien 2022ko mai. 19a, 08:45
Elkargunean izango da txapelketa.

10:00etatik 13:30era izango da txapelketa, eta Arabako, Bizkaiko zein Gipuzkoako hainbat talde lehiatuko dira infantil, junior, senior eta lehenengo kategorietan.

Datorren igandean, maiatzak 22, gimnastika erritmikoko Euskadiko Federatuen Banakako Txapelketa jokatuko dute Elkargunean. Gipuzkoatik Donostia, Izar-Leku eta Ipurua taldeak lehiatuko dira; Bizkaitik Sakoneta, Xixili eta Santutxu taldeek parte hartuko dute lehian, eta Arabatik, Oskitxo, Beti Aurrera, Beti Ritmica, Ceted, Aresketa eta Ignium taldeak izango dira txapelketan.

10:00etatik 13:30era bitartean egingo dute txapelketa, eta, guztira, lau kategoriatako partaideak izango dira Elkargunean: infantilak, juniorrak, seniorrak eta lehen kategoriakoak.

Emaitza onak, Gipuzkoako txapelketan

Zubiberri taldeko kideek emaitza onak eskuratu zituzten joan den astean Irunen jokatutako Gipuzkoako txapelketan. Senior mailan, Ainhize Azpiazuk bigarren postua lortu zuen, uztaiekin eta zintarekin bigarren egin ostean. Kadete mailako taldekako lehian, berriz, Nahia Urbizuk eta Nikole Aranbarrik lehen postua eskuratu zuten, uztaiekin eta mazekin lehenak sailkatuta. Guztiek lortu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako txapelketan aritzeko txartela. Durangon (Bizkaia) jokatuko dituzte lehiak; hilaren 29an senior mailako txapelketa jokatuko dute, eta ekainaren 4an kadete mailakoa.

Eskolarteko Gipuzkoako txapelketan ere ondo aritu ziren Zubiberriko kideak. Alebin mailako Xabier Munibeko taldeak lehen postua lortu zuen hiru pilota eta bi esku libre modalitatean; Ane Illarramendik, Maite Rodriguezek, Eider Barrenak, Jone Arzuagak eta Ania Alberdik irabazi zuten txapelketa. Gainerako taldeek ere maila ona erakutsi zuten; izan ere, Xabier Munibe Ikastolako bigarren talde bat hirugarren sailkatu zen modalitate berean, eta Floreaga Ikastetxeko taldea laugarren. Bost uztaien modalitatean, bestalde, bigarren sailkatu zen infantil mailako taldea.

Infantil mailan, halaber, Amaia Sudupek Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen uztaiekin eta pilotarekin aurrena eginda. Xabier Munibeko talde irabazlea eta Amaia Sudupe Gasteizko Abetxuko auzoan jokatuko den Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskolarteko txapelketara sailkatu dira; maiatzaren 28an izango da txapelketa hori.

Argazkiak: Visi

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide