Huescari irabazita, mailari eustea bere esku du Juaristi ISBk

Julene Frantzesena 2022ko mai. 16a, 09:03
Huesca eta Juaristi ISBren arteko partidako irudia. (FEB)

Huescaren kontrako partida 74 eta 90 bukatu zen. Datorren ostiralean Palenciaren aurka Azpeitiko kiroldegian jokatuko duen neurketa irabazten badu, mailari eutsiko dio Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak.

Partida oso garrantzitsua jokatu zuen Juaristi ISBk ostiralean, Huescan, eta lortutako garaipena tarteko, bere esku du Urrezko LEB Ligako txartelari eustea. Izan ere, datorren ostiralean Palenciaren aurka Azpeitiko kiroldegian jokatuko duen partida irabazten badu, mailari eutsiko dio Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak.

Joan zen ostiralean Levitec Huesca La Magia taldea izan zuten aurrez aurre Juaristi ISBko mutilek. Lehen zatian atzetik bukatu zuten; 21 eta 18. Bigarrenean, baina, gora egin zuten Iñaki Jimenezek zuzentzen duen taldeak, eta 32 puntu batuta, 36 eta 50 gelditu zen markagailua. Atsedenalditik bueltan ere gehiago izan zen Juaristi ISB: 48 eta 71 bukatu zen hirugarren laurdena. Huesca saiatu zen ISBrengana gerturatzen, eta laugarren laurdenean gehiago izan bazen ere, ez zuen lortu partida irabaztea: 74 eta 90 bukatu zen neurketa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide